webmaster-k Or, 2026-03-06 10:06-n bidalia
Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak jakinarazi dutenez, datorren martxoaren 10ean, asteartea, 18:30ean, egingo da 2026ko Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Sariaren banaketa ekitaldi irekia, Bergarako Seminarixoan.
Aurtengo sariduna Miguel Castells Artetxe (Busturia, 1931) abokatua izango da. Monzon-Ganuza sariak Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omendu nahi ditu, “askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egindako ibilbideagatik”. Antolatzaileen esanetan, “utopia ez da helmuga bat, baizik eta egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea”.
Saria 2021etik banatzen da, eta ordutik Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde bizitza osoa eskaini duten pertsonak ohoratzen ditu. Orain arte sarituak izan dira:
• 2021 – Libe Goñi
• 2022 – Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui
• 2023 – Xabier Amuriza
• 2024 – Jose Mari Esparza
• 2025 – Amaia Zubiria
Miguel Castells, 2026ko sariduna
Aurtengo aitortza jasoko duen Miguel Castells abokatua Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu da bere ibilbide luze eta konprometituari esker. Busturian jaioa 1931n, gaztetatik bizi izan zuen gatazka politiko eta sozialaren errealitatea.
1956tik aurrera abokatu jardunean aritu da, eta ordutik “ahulen alde lan egitea” hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. Besteak beste:
• 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen.
• Txiki-ren testamentu politikoa Modelo kartzelatik Euskal Herrira ekarri zuen 1975ean.
• Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetariko bat izan zen.
• 1983an urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik; auzia 1992an irabazi zuen Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
• Euskal errefuxiatu eta deportatuen babes juridikoan lan handia egin du.
• 2020an, ofiziozko abokatu gisa 60 urteko jardunagatik, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kondekorazioa jaso zuen.

