webmaster-k Al, 2026-03-09 15:00-n bidalia
Emakumeek industrian duten lekua eta etorkizuna ardatz hartuta, Enpresarek, Bergarako Udalarekin eta Laboratorium Museoarekin elkarlanean, mahai-inguru irekia antolatu du, emakume erreferenteak ikusgarri egin eta gazteei sektore horretako aukerak gerturatzeko; hitzordua martxoaren 12an izango da, 9:30ean, Bergarako Seminarixoan. Ekitaldia Emakumeak Zientzian ekimenaren baitan kokatzen da, zientzia eta teknologiaren arloan emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatzeko helburua duen egitasmo zabalagoaren barruan.
Industria Gipuzkoako ekonomiaren funtsezko zutabea da, baina genero-desoreka nabarmena du oraindik. Lurraldeko industriako enpleguaren %26 baino ez da emakumeena. Horrek agerian uzten du talentuaren zati handi bat ez dela behar bezala aprobetxatzen. Gainera, arrakala ez da lan-merkatuan hasten; lehenago sortzen da, gazte gutxik aukeratzen dituztelako ikasketa tekniko edo industrialak, erreferente faltagatik eta estereotipoengatik.
Enpresare, duela 12 urte sortutako Bergarako eta inguruko enpresen sarea, tokiko industria-sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa sustatzeko tresna da. Oraingoan, Laboratorium Museoarekin batera, industria, hezkuntza eta erakundeen mundua elkartu nahi ditu, genero-arrakala sustraitik jorratzeko.
Carla Añon enpresareko zuzendari exekutiboaren hitzetan, “etorkizunean industrian emakume gehiago egotea nahi badugu, gaurtik hasi behar dugu gazteei erakusten sektore honetan haiek ere badutela lekua”. Ildo beretik, Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak azpimarratu du “zientzia eta industria gizartearen parte” direla, eta gazteek beren burua eremu horietan ikusi behar dutela. Bere ustez, “erreferenteak ikusgarri egitea funtsezkoa da bokazioak pizteko”.
Mahai-inguru anitza eta esperientzia errealak
Mahai-inguruari hasiera emateko, SPRI Taldeko ordezkariak arituko dira sektorearen egoeraren inguruko testuingurua eskaintzen. 2020an sortutako “Women in Manufacturing” aditu-taldeko kide den Irati Bizkaguenagak emakumeek industrian duten presentziari eta joerei buruzko datu nagusiak aurkeztuko ditu, betiere ikuspegi eraikitzaile eta positibotik.
Ondoren, mahai-inguruan industria arloko hainbat profil bilduko dira, sektoreko errealitate eta ibilbide desberdinak erakusteko. Parte hartuko dute Ainara Sedano, Talleres Altubeko zuzendaria; Oihane Larrañaga, TTT Groupeko gerentea; Sonia Durán, Zerbimek enpresako tornera; Oihana Sainz, Talleres de Precisión Gurea enpresako artezketa-lanetako profesionala; eta Maider Gandarias, Miguel Altuna LHIIko irakaslea. Horrela, industriaren barruan dauden errealitate eta ibilbide desberdinak erakutsi nahi dira, gazteei sektore honetan dauden aukera anitzak gerturatzeko.
Etorkizuna orain hasten da
Ekitaldia DBHko eta Batxilergoko ikasleei, irakasle eta orientatzaileei, inguruko enpresei eta erakunde publikoei zuzenduta dago. Plaza gehienak beteta daude dagoeneko; beraz, parte hartu nahi dutenek Laboratorium Museora deitu beharko dute aldez aurretik, lekua erreserbatzeko.
Helburua da gazteengan eragitea prestakuntza-aukeraketa fasean bertan, industria aukera profesional erreal eta erakargarri gisa ikus dezaten. Industria lehiakorragoa izango da anitzagoa bada. Eta etorkizuneko industriak emakumeak behar ditu.

