webmaster-k Or, 2026-03-13 11:45-n bidalia
Bergarako Udalak adierazi du Bidekurutzeta kalean egingo diren etxebizitza berrien azpiko aparkalekurako sarbidea Ikerlekuko aukeraren bidez gauzatuko dela, egindako azterketa tekniko eta urbanistikoek aukera hori dutela interes orokorrari begira kalte gutxien eragiten diona ondorioztatu dutelako. Aukera honek sortutako eraginak ‘amabilizatzeko’ eta lehentasuna oinezkoentzako izatea bermatzeko, lanketa jarriko du martxan datozen asteetan bizilagunekin.
Izan ere, Udaleko zerbitzu teknikoek hasieratik lehenetsi zuten sarbidea Ikerleku-tik egitea, eta, azken asteetan zenbait auzotarrek bestelako iritziak plazaratu ostean, Udalak kanpoko aholkularitza espezializatu bati (Projekta Urbes) eskatu dio alternatiba guztiak ikuspegi zabal eta independente batetik aztertzeko. Ondorioa argia izan da; Ikerlekuko sarbidea da gaur egungo araudiarekin bateragarriena, tekniko eta ekonomikoki bideragarriena eta espazio publikoari kalte gutxien egiten diona.
Txosten teknikoek berresten dute baztertutako bideek —Bidekurutzeta, Iparragirre, Seminarioko jolastokia edo lurrazpiko aparkalekutik igarotzea— arazo larriak sortzen dituztela araudia betetzerakoan, segurtasunean, espazio publikoaren galeran edo udal ondarearen kaltetan.
Udal gobernuak nabarmendu du erabaki hau interes orokorra oinarri hartuta hartu dela. Kasu horretan, Aranzadiko eta kirol eremuko espazio publikoari lurzati edo erabilera kentzea ez da Udalak kontuan hartzen duen aukerarik, are gutxiago haurren segurtasunean eta jolaserako espazioetan eragin zuzena izango lukeelako.
Ikerleku gaur egun ere eremu misto gisa funtzionatzen du (ibilgailu baimenduek eta oinezkoek partekatua), eta espazioak duen 7 metroko zabalerak aukera ematen du afekzioak minimizatzeko eta kalitatezko irtenbide urbanistikoak ezartzeko. Horregatik, Udalak aukera hau gauzatuko du eta, aldi berean, “amabilizazio” prozesu bat jarriko du martxan bertako bizilagunekin elkarlanean, elkarbizitza hobetzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Udalak martxoan deitutako bileretan auzotarrekin informazioa partekatuko du, jasotako iritziei erantzungo die eta amabilizazio neurriak modu partekatuan definitzen hasiko da.

