webmaster-k Az, 2026-03-18 09:26-n bidalia
Bergarako Udalak eta Osakidetzako Debagoieneko ESIak adinekoei erorikoak prebenitzeko tailer berezia antolatu dute apirilaren 21 eta 23rako. Ekimenak San Joxepe elkartearen eta Bergarako Osasun Zentroaren arteko lankidetza biltzen du, eta adinekoen artean gero eta ohikoagoak diren erorikoen arriskuez ohartarazteaz gain, horiek saihesteko tresna praktikoak eskainiko ditu.
Erorikoak dira gaur egun Euskadiko istripuen bigarren heriotza kausa, eta 65 urtetik gorako pertsonen artean oso agerikoa da arazoa: estatistiken arabera, adin tarte horretako pertsonen %30ek eroriko bat izaten dute urtean zehar, eta haietatik gehienak –%92– etxe barruan gertatzen dira. Datuek erakusten dutenez, prebentzio lan espezifikoa ezinbestekoa da adinekoen autonomia eta segurtasuna bermatzeko.
Tailerrak bi saio izango ditu, bi egunetan banatuta: apirilaren 21ean eta 23an, arratsaldeko 16:30etik 18:00etara. Saio horiek Bergarako Osasun Zentroan eta San Joxepe Jubilatuen egoitzan egingo dira. Parte hartzaileek profesional espezializatuen azalpenak eta gomendioak jasoko dituzte: lehenengo saioan, Osakidetzako erizain eta fisioterapeutek erorikoetan eragiten duten faktoreak azalduko dituzte, baita muskuluak indartzeko ariketak eta eroriko baten aurrean nola jokatu behar den ere. Bigarren saioan, Bergarako Kirol Zerbitzuko teknikari batek jarduera fisikoaren onurez hitz egingo du, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek adinekoentzako baliabide sozialen informazioa emango dute, eta Estella Farmazia Ortopediak laguntza material erabilgarriari buruzko azalpen praktikoak eskainiko ditu.
Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, helburua da adinekoei autonomia handiagoz eta segurtasun handiagoz bizitzen laguntzea, eguneroko jardueretan arriskuak murriztea eta eroriko baten ondorio fisiko eta emozionalak saihestea.
Tailerran parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Bergarako Osasun Zentroaren (943 03 54 00) edo San Joxepe elkartearen (943 76 21 40) bidez.

