Bergarako Udalak 2025–2027ko Diru Laguntza Estrategikoen barruan jasotzen diren herritarren arloko hainbat diru laguntzaren deialdia onartu du. Deialdi honen bidez, guztira 213.157 euro bideratuko dira udalerriko ehun soziala indartzera eta interes orokorreko proiektuak garatzera.

Deialdiak hainbat esparru hartzen ditu barne, besteak beste: kirola, kultura, garapen sozioekonomikoa, gizarte ekintza, garapenerako lankidetza (garapen bidean dauden herrialdeetako proiektuak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak), auzoak, landa garapena, ingurumena eta iraunkortasuna.

Diru kopurua honela banatuko da, lerro estrategikoen arabera:
• 1. lerro estrategikoa: Gizarte ekintza – 35.660,00 €
• 2. lerro estrategikoa: Garapenerako lankidetza – 35.660,00 €
• 3. lerro estrategikoa: Kultur dinamizazioa – 49.337,00 €
• 6. lerro estrategikoa: Kirolaren sustapena – 89.500,00 €
• 7. lerro estrategikoa: Auzoak, landa-garapena, ingurumena eta iraunkortasuna – 3.000,00 €

“Diru laguntza hauen bitartez, herrian esparru ezberdinetan aritzen diren elkarte eta eragileak babestu eta lagundu nahi ditugu. Bergarako ehun sozialak berebiziko garrantzia du gure egunerokotasunean, eta Udaletik berau suspertzeko lan egin behar dugu”, adierazi du Gorka Artola alkateak.

Eskaerak apirilaren 24tik aurrera aurkeztu ahal izango dira, eta eskabideak aurkezteko 30 laneguneko epea egongo da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; beraz, azken eguna ekainaren 9a izango da.