Bergarako Udalak San Martin Agirre plazaren berrurbanizazio lanak hasiko ditu maiatzaren 4an, herrigune historikoa eraberritzeko eta biziberritzeko estrategiaren baitan. Proiektu honek plaza eguneratzea, irisgarritasuna hobetzea eta espazio publikoa herritarrentzat atseginago eta seguruago bihurtzea du helburu. Obrak maiatzaren 4ean hasiko diren arren, dagoeneko ondare arkeologikorik dagoen aztertzeko katak martxan daude.

Lan hauen kontratua Construcciones Zubieder SL enpresari adjudikatu dio Udalak, lehiaketa publiko baten bitartez. Obrak 1.950.569,54 euroko aurrekontua izango du, BEZa barne, eta bost hilabeteko epea izango du.

San Martin Agirre plazaren berrurbanizazioak hainbat jarduketa aurreikusten ditu: zoladurak eta estaldurak berritzea, lur mugimenduak eta saneamendu sarea egokitzea, argiteria publikoaren berrantolaketa eta energia sareen eguneratzea, telekomunikazioen, gasaren eta ur horniduraren sare berriak ezartzea, eta lorategi nahiz altzarigintza elementu berriak instalatzea.

Gorka Artola Bergarako alkateak azpimarratu duenez, “San Martin Agirre plaza berrurbanizatzea udal gobernuaren legealdiko konpromiso garrantzitsuenetako bat da. Eremu estrategiko bat egokitzea dakar, bergararren eguneroko erabilerarako atseginagoa, irisgarriagoa eta biziagoa izan dadin”.

Ildo berean, Markel Azkargorta zinegotziak adierazi du proiektua “alde zaharra biziberritzeko estrategia zabalago baten parte” dela, eta nabarmendu du lanek “ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideekin egingo direla, bai herritarren egunerokoan, bai ondare arkeologikoaren babesean”.

Lanek eragin txikiena izan dezaten, obraren fasekatze bat diseinatu da, une oro oinezkoen joan etorriak eta inguruko merkatarien sarbidea ahal den neurrian bermatzeko asmoz. Udalak obren garapenaren inguruko informazio eguneratua eskainiko die herritarrei datozen egunetan.

Bestalde, San Martin Agirre plaza Bergarako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren barruan kokatzen denez, obrarekin lotutako lur mugimendu guztiek kontrol arkeologikoa izango dute. Lan horiek Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean egingo dira, indarrean dagoen araudia zorrotz betez, ondare historikoa behar bezala babesteko.