Bergarako Udalak martxan jarri du Urteaga kaleko bidegorriaren 5. faseko lanak egiteko kontratazio prozedura, herriko mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzeko helburuarekin.

Proiektu honen bidez, Urteaga kaleko gaur egungo bidegorria luzatuko da, Foru Aldundiak amaitzen duen puntutik autobus geltoki ondoko bidegorriari jarraipena emanez, industrialdeko sarreraraino. Lan hauekin, Antzuola eta Bergara arteko bidegorria bukatuko da.

Bidegorri berriak jarraipena emango dio dagoen sareari, Bergara-Antzuola ardatza osatuz, eta herriko auzoak, zerbitzu publikoak eta jarduera gune nagusiak modu jasangarrian konektatzeko aukera eskainiko du.

“Duela urte asko hasitako proiektu honi bukaera emango diogu azken fase honi esker. Bergara jasangarriago bat eraikitzeko lanean dihardugu, eta bidegorri honek norabide horretan lan egiten du. Azken lotura honekin Antzuolara bizikletaz joan ahalko gara modu seguru batean”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak.

Proiektuak aurreikusten du bidegorria egungo GI-632 errepide zaharraren gainean eraikitzea (egun udal jabetzakoa), ibilgailuen trafikoarekin bateragarritasuna bermatuz eta segurtasuna lehenetsiz.

Besteak beste, honako jarduketak egingo dira:
• Bidegorriaren egokitzapena eta seinaleztapena
• Argiztapenaren hobekuntza
• Irisgarritasun neurriak
• Segurtasuna eta trafikoaren antolaketa hobetzeko elementuak instalatzea

Lan hauen lizitazio aurrekontua 175.137,61 eurokoa da (BEZa barne). Behin adjudikatuta, obrak lau hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.