Bergarako Udalak aurkeztu du 2026ko Pentekoste jaietarako egitaraua, maiatzaren 22tik 26ra bitartean ospatuko dena. Aurten ere, herriko kale eta gune nagusiak kultur, musika, kirol eta aisialdi jarduerez beteko dira, herritar guztiei zuzendutako eskaintza anitzarekin.

Jaiak otsailaren 22an hasiko dira. Iluntzean, txupinazoarekin eta Bitorianatxoren jaitsierarekin emango zaio hasiera ofiziala jaiei, Oxirondo plazan. Gauean Brigade Loco taldearen txanda izango da, Oxirondon, 23:00etatik aurrera.

Asteburuan zehar, ekitaldi ugarik hartuko dute lekua. Larunbatean, XXXII. Bakailao Lehiaketa, erraldoien topaketak eta kalejirak izango dira protagonista, baita Neomak taldearen kontzertua ere gauean. Igandean, bestalde, haur eta gazteentzako plastika lehiaketa, txarangen animazioa eta Anje Duhalderen kontzertua izango dira nabarmen.

Astelehena kuadrillen eguna izango da, eta ohiko jarduerak antolatu dira, hala nola baltsa jaitsiera, olinpiadak eta herri bazkaria. Asteartea, berriz, haurren eta adinekoen eguna izango da, jolas parkea, herri kirol erakustaldiak eta jarduera parte hartzaileak eskainiz.

Egitarauan zehar, nabarmendu beharrekoa da familiei, haurrei eta gazteei zuzendutako eskaintza zabala, besteak beste, ihes jokoak, tailerrak, tirolina jarduerak eta kale animazioa. Era berean, musika izango da protagonista nagusietako bat, askotariko kontzertu, erromeria eta DJ saioekin.

Txosnaguneko egitarauak ere presentzia handia izango du, kontzertu, bazkari, jardunaldi eta gaueko eskaintza zabalarekin.

Kontsultatu egitaraua hemen:

Eranskinak: