Bergarako Udalak Maria Oianguren ikerketa sarien oinarriak argitaratu ditu, Bergarako euskarari buruzko ikerketa-proiektuak sustatzeko helburuarekin. Deialdi honen bidez, bereziki ikertzaile gazteak eta unibertsitateko ikasketetan ibilbide akademiko luzeagoa egin dezaketen ikerlariak animatu nahi dira herriko euskarari buruzko azterketak egitera.

Sariak 3.000 euroko dirulaguntza izango du, eta bi urtean behin egiten den ekimen honen bidez Bergarako euskararen inguruko ezagutza sakontzea eta zabaltzea sustatu nahi da.

Ikergaia: euskara Bergaran
Aurkeztutako proiektuek Bergarako euskarari lotuta egon beharko dute. Ikuspegi askotatik landu ahal izango da gaia, besteak beste: hizkuntzalaritza, soziolinguistika, historia, soziologia, antropologia, etnografia, literatura edo kazetaritza.

2026ko deialdian, gaia askea izango da, eta besteak beste, honakoak landu ahalko dira: euskara lan-munduan, gazteak eta euskara, euskararen transmisioa, edo euskararen historia soziala Bergaran, XVII. mendera arte.

Nori zuzenduta
Deialdira norbanakoek zein lantaldeek aurkez daitezke. Bereziki lehenetsiko dira unibertsitate-masterretako amaierako lanen proiektuak, etorkizunean doktorego-tesiak sustatzeko helburuarekin.

Proiektua aurkezten duen pertsona doktorea ez bada, unibertsitate-irakasle doktore baten bermea beharko du.

Aurkezteko epea
Eskaerak deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira. Dokumentazioa Bergarako Udalaren Erregistro Orokorrean (B@Z) edo egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango da (HEMEN).

Ikerketaren garapena
Saria jasotzen duen pertsonak edo taldeak urtebeteko epea izango du ikerketa lana egiteko eta emaitza Bergarako Udalean aurkezteko. Lanarekin batera, emaitzak zabaltzeko proposamen bat ere aurkeztu beharko da (adibidez, bideoa, erakusketa edo argitalpena).

Maria Oianguren, omenaldi gisa
Sariak Maria Oianguren irakaslearen izena darama, Bergarako lehen ikastolako irakasleetako bat izan zelako (1933-1936) eta herrian euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik. Bere izenaren bidez, Bergaran euskararen alde lan egin duten emakume guztiei ere aitortza egin nahi zaie.