Herrikide hori:

Pentekosteak iristen direnean, herria mugimenduan jartzen da. Egun hauetan errutina eten, kaleak bete eta Bergara beste modu batera bizitzeko aukera izaten dugu. Modu ezberdinak ditugu jaiak gozatzeko, baina guztiek dute zerbait komunean: gure artean elkartzeko gogoa eta herria partekatzeko nahia.

Dakizuen bezala, Pentekosteak ez dira soilik egitarauan agertzen diren ekitaldiak. Horiek baino gehiago dira: kalean sortzen den giroa, aurpegietan ikusten den poza, eta urtean zehar biltzen joan den energia askatzeko aukera ematen digute. Horregatik dira bereziak, eta horregatik dira hain garrantzitsuak guretzat.

Aurten, gainera, jaiak ohiko lekuetan ez ezik, beste espazio batean ere biziko ditugu. San Martin plazan egiten ari diren obrak direla eta, beste kokagune batzuk aukeratu eta prestatu dira plazak jasotzen zituen ospakizunetarako: Oxirondoko aparkalekua, Espoloia, San Martin Agirre ikastetxeko patioa…

Aldaketa honek egokitzapena eskatzen duela badakigu, ohiturak erraz aldatzen ez direlako. Hala ere, erabakia inplikatutako eragileekin batera hartu da, eta helburu argi batekin: jaiak ahalik eta baldintza onenetan ospatzeko aukera bermatzea.

Ziur gaude kokaleku berriek aukerak zabalduko dituztela eta jai gune bizi eta indartsu batzuk sortzeko balioko dutela. Aurtengoa urte desberdina izango da, bai, baina aldaketek ere balio dute ikasteko, egokitzeko eta gauzak beste ikuspegi batetik bizitzeko.

Bestetik, jai hauek ez lirateke posible izango antolakuntzan lanean ari diren guztien ahaleginik gabe. Jai Batzordearen jarduna, boluntarioen lana eta udal langileen inplikazioa funtsezkoak dira dena ondo atera dadin. Eskerrik asko guztiei, egunez egun eta askotan isilean egiten duzuen lanagatik.

Bukatzeko, gonbidapena egin nahi dizuet: gozatu jai hauek zuen modura, hartu kaleak, partekatu momentu ederrak familiarekin eta lagunekin, eta egin dezagun Bergara egun hauetan ere etxe sentitzeko moduko leku. Pentekosteak herritik sortzen direlako, eta herriarentzat direlako.

Gora Pentekosteak. Gora Bergara.