webmaster-k Ar, 2026-05-19 14:23-n bidalia
Bergarako Udalak eta Betizu zezenzale elkarteak azken hilabeteetan elkarlanean jardun dute Pentekosteetako zezen ikuskizunen inguruko hausnarketa prozesuan. Helburua izan da azken urteetako antolaketa aztertzea eta beharrezkotzat jotzen diren egokitzapenak proposatzea, ikuskizunen kalitatea eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko.
Azterketa horren ondorioz, zenbait aldaketa adostu dira. Besteak beste, goizeko bigantzen ordutegian moldaketa egingo da: azken urteetan 9:00etan hasi izan diren arren, aurtengoan 8:00etara aurreratuko dira, zezenzale elkarteak eta erabiltzaileek hala eskatuta.
Bestalde, astelehen goizeko kuadrillen arteko jolasen antolaketari dagokionez, sarrera kobratzea erabaki dute bi aldeen artean. Ikuskizun honetarako ere, gainerakoetan bezala, 3 euroko prezioa ezarriko da. Erabaki honen arrazoia da azken urteetan, jarduera doakoa izanik, zezen plazarako sarreran ilara luzeak, urduritasuna plazan sartzeko eta egoera desatseginak bizitzen ziren. Gainera, aforoa behar bezala kontrolatzea zailtzen zuen.
Izan ere, iaz bertan ondorioztatu zen egoera hori beste modu batean kudeatu behar zela, eta aurten neurri zehatzak hartzea erabaki da, segurtasuna, antolaketa eta ikusle guztientzako esperientzia egokia bermatzeko.
Bergarako Udalak eta Betizu zezenzale elkarteak herritarren ulermena eta lankidetza eskertu nahi dute, eta Pentekosteetako egitarauaren barruan antolatutako jarduerez modu arduratsuan gozatzera gonbidatzen dituzte.

