Osintxu Biziberritzen egitasmoa emaitzak ematen ari da. Horren erakusle da Osintxuko plazako haur jolasaren berriztapena. Astelehenetik dago erabilgarri jolasgune berria. Bergarako Udalak, Soraluce kooperatibaren diru ekarpenarekin (25.450 euro), egindako esku hartzearen helburua izan da auzoak proposatuta, zaharkituta zegoen jolas parkea ordezkatzea eta auzoko haurrei alternatiba berri bat eskaintzea.

Lanak Electro Talleres Zarauz, S.A enpresak burutu ditu. Horretarako aurretik zegoen jolas ekipamendua eta zorua desmuntatu eta kendu dira, eta, ondoren, gune berean jolas elementu berriak eta segurtasun zoladura berria hornitu eta instalatu dira.

Obra hauek lizitazio publiko bidez esleitu ziren, eta kontratua Electro Talleres Zarauz, S.A. enpresari adjudikatu zitzaion. Esleipenaren zenbatekoa 28.953,364eurokoa izan da (BEZ barne).

Proiektua baloratzerakoan hainbat irizpide hartu ziren kontuan. Besteak beste, proposamenak eskaintzen zituen jarduera ludikoen aniztasuna eta berrikuntza, jarduera fisikoa sustatzeaz gain sozializazioa, irudimena eta sormena garatzeko aukera ematea. Era berean, garrantzia eman zitzaion jolas gunea Osintxuko ingurunean modu egokian integratzeari, bai diseinuaren, bai koloreen, formen eta materialen ikuspegitik.

Jasangarritasunaren aldeko apustua ere egin da proiektuan. Izan ere, instalatutako elementuek %73ko material birziklatuaren osagaia dute. Parkean jarritako informazio panelean jasotzen denez, erabilitako materialak Bergaran bildutako plastikoaren birziklapen-prozesutik datoz neurri batean; zehazki, 412 kilogramo plastiko birziklatu dira ekipamendu berria fabrikatzeko.

Bestalde, instalatutako ekipamendu berriak 20 urteko berme epea izango du.