webmaster-k Az, 2026-06-03 14:29-n bidalia
Bergarako Udalak eta PUNTUEUSek, Mariaren Lagundia ikastetxearekin eta herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, “Bergaratik Mundura” proiektuaren aurtengo edizioaren amaiera-ekitaldia egin dute. Ekitaldiaren helburua izan da azken hilabeteetan ikasleek eta elkarteek elkarrekin egindako lana aitortu eta balioan jartzea.
Ikasturte honetan, Mariaren Lagundia ikastetxeko ikasleek Bergarako hainbat elkarterentzat euskarazko webguneak sortu dituzte, ingurune profesional eta erreal batean beren gaitasun digitalak garatuz. Aldi berean, herriko elkarteek beren jarduera ezagutarazteko eta herritarrengana iristeko tresna digital berriak eskuratu dituzte.
Proiektuak lau helburu nagusi izan ditu: belaunaldien arteko elkarlana sustatzea, ikasleen gaitasun digitalak indartzea, elkarteei doako webguneak eskaintzea eta euskararen presentzia handitzea ingurune digitalean. Horrela, gazteen prestakuntza, herriko eragileen beharrak eta euskararen sustapena uztartu dira ekimen bakarrean.
Aurtengo edizioan parte hartu dute Mariaren Lagundia ikastetxeak eta honako elkarte hauek:
• Angiozar Jorratzen Garapenerako Elkartea
• Aritzeta Abesbatza
• Arizondo Argazkizale Elkartea
• Burdinola Hockey Kluba
• Ixotu Irristaketa Hockey Kluba
Amaiera-ekitaldian sortutako webguneen aurkezpen-bideoa ikusi ahal izan da, eta ondoren ikasleei diplomak banatu zaizkie egindako lana aitortzeko. Era berean, ikasleek eta elkarteetako ordezkariek beren esperientziak partekatu dituzte, proiektuak ekarri dien ikaskuntza eta balioa azpimarratuz.
Datorren ikasturtean, herriko saltokiekin
“Bergaratik Mundura” proiektuak jarraipena izango du datorren ikasturtean ere. Oraingoan, herriko saltokiekin egingo da lanketa, tokiko merkataritzaren digitalizazioa sustatzeko eta euskarazko presentzia digitala indartzen jarraitzeko helburuarekin.
Proiektuan parte hartu nahi duten Bergarako saltokiek dagoeneko eman dezakete izena. Izena emateko epea zabalik dago, eta interesa duten establezimenduek galdetegi honen bidez eman dezakete izena (epea: ekainak 10): https://labur.eus/gandik-formularioa.
Bergarako Udalak eta PUNTUEUSek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten ikasle, irakasle eta elkarte guztiei, eta etorkizunean ere herriko eragileen arteko elkarlana sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

