Bergarako Udalak eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hasiera eman dio Bergarako udalerria bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedurari. Prozedura abiaraztea 2026ko otsailaren 3an egindako eskaeraren ondorioa da; izan ere, egun horretan Bergarako Udalak formalki eskatu zion Eusko Jaurlaritzari udalerria eremu tentsionatu gisa izendatzeko izapideak hastea, herrian etxebizitzaren arloan antzemandako egoerari erantzun egituratua emateko helburuarekin.

Eskaerarekin batera, Udalak diagnostiko sakona, hasierako justifikazio memoria eta etxebizitza arloko ekintza plana aurkeztu zituen, udalerriko merkatuaren egoera zehatz mehatz aztertuz eta etorkizunean hartu beharreko neurriak proposatuz.

Aurkeztutako dokumentazioan jasotzen denez, Bergaran azken urteotan nabarmen areagotu da etxebizitzaren prezioen presioa, eta horrek eragina du herritarren etxebizitza eskuratzeko gaitasunean. Azterketek erakusten dutenez, alokairu eta salmenta prezioek goranzko joera izan dute, eta horrekin batera, familiek etxebizitza duina eskuratzeko egin behar duten ahalegin ekonomikoa handitu egin da. Era berean, identifikatu dira merkatuan dauden hutsuneak eta gabeziak, bereziki eskaintza eskuragarriaren urritasunari eta prezioen mailari dagokienez, eta horiek guztiak biztanleriaren egoera sozioekonomikoarekin eta dinamika demografikoekin lotuta aztertu dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenen arabera, 2018tik 2023ra bitartean etxebizitza alokatzeko prezioak %21,5 igo dira, eta igoera hori kontsumo prezioen indizearen hazkunde metatua (%16,6) baino handiagoa da, legeak ezarritako gutxieneko diferentzia gaindituz. Ondorioz, legeak eskatzen duen baldintza objektiboa betetzen dela egiaztatu da.

Bestalde, aurkeztutako ekintza planak merkatuan hautemandako desorekak zuzentzeko neurri zehatzak jasotzen ditu, eta plan hori egokia eta bideragarria dela baloratu da, etxebizitza eskuragarriagoa eta bidezkoagoa bermatzeko bidean. Izendapen prozedura martxan jartzeak, gainera, legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko aukera emango du, besteak beste, merkatuaren jarraipen zorrotzagoa egitea, prezioen bilakaeraren kontrola indartzea eta administrazio publikoen esku-hartzea eraginkorragoa izatea.

Gorka Artola Bergarako alkatearen iritziz, “positiboki baloratzen dugu Jaurlaritzak emandako urratsa, izan ere, prozedura honek aukera emango digu udalerriko etxebizitza egoerari modu estrategikoan heltzeko eta herritarren beharrei erantzuteko neurri zehatzak aktibatzeko. Prozesu hau tresna garrantzitsua da etxebizitza eskuratzeko zailtasunak arintzeko eta Bergaran bizitza proiektu duinak garatzeko baldintzak hobetzeko”.