Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan, ekainaren 22an, alarma gorria aktibatuko du Euskadin muturreko tenperatura altuengatik, lurralde osoari eragingo dion bero-gertakari oso bizi baten aurreikuspenaren aurrean.

Alarma gorria 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean; tarte horretan, tenperatura maximoak 37 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 40 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.

Era berean, astelehen osoan abisu horia egongo da indarrean baso-sute arriskuagatik, 00:00etatik 24:00etara, tenperatura altuen eta hego-osagaiko haizearen intentsitatearen ondorioz.

Asteartean, ekainaren 23an, Euskalmetek aurreikusi du bero-gertakariak jarraipena izango duela, eta alerta laranja egongo dela muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara, bai eta alerta laranja ere tenperatura altu iraunkorrengatik egun osoan.

 

Beroaldiari aurre egiteko, Bergarako Udalak babesgune klimatikoak martxan jarri ditu. Babesgune klimatikoak ekainaren 16tik irailaren 30era egongo dira martxan, beroagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen denean, eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalduko dira. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da aurrez izena ematea beharrezkoa. Hauek izango dira kokaguneak:

• Martokon herritar gunea
• Zabalotegin herritar gunea
• Agorrosingo gela
• Osintxun liburutegia eta
• Opengela
• Labegaraietako kiroldegian kirol elkarteen gela
• San Joxepe

GOMENDIO ORROKORRAK

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planeanan Osasun Publikoko Zuzendaritzak jasotako autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du:

Aire zabaleko berotik babestea

·       Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.

·       Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.

·       Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.

·       Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.

·       Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.

·       Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

·       Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.

·       Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.

·       Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.

·       Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.

·       Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.

·       Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

·       Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.

·       Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.

·       Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.

·       Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

·       Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.

·       Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.

·       Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Laneko arriskuen prebentzioa:

·       Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.

·       Etengabe hidratatzea.

·       Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.

·       Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.

·       Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.

Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.