webmaster-k Og, 2026-07-02 11:13-n bidalia
2026ko abuztuaren 12an izango den eguzki eklipse osoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak herritarrei gogorarazi nahi die fenomeno astronomiko hau segurtasun neurri egokiak hartuta behatu behar dela, ikusmenean kalte larriak saihesteko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun, Osasun eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailek udalei helarazitako gomendioen arabera, inoiz ez da eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta eklipse partzial edo anularretan ere. Era berean, ez dira seguruak eguzkitako betaurreko arruntak, erradiografiak, argazki negatiboak edo kristal ketuak erabiltzea.
Eguzkia behatzeko modu seguruena ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutako eklipse-betaurrekoak erabiltzea da. Betaurreko horiek argi ikusgaia nabarmen murrizten dute eta erradiazio ultramorea nahiz infragorria blokeatzen dute.
Hala ere, gomendatzen da ez behatzea etengabe 45 segundo baino gehiagoz, eta tarteka atsedenaldi laburrak egitea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, eklipsea begi hutsez soilik osotasun fasean ikus daiteke, hau da, ilargiak eguzkiaren diskoa erabat estaltzen duenean. Eguzkiaren lehen argia berriro agertzen den unean, babes betaurrekoak berehala jarri behar dira berriz.
Bestalde, prismatikoak, teleskopioak edo kamerak erabiltzeak arriskua handitzen du, argia kontzentratzen dutelako. Horregatik, eguzki iragazki ziurtatuak dituzten eta adituek prestatutako tresnak baino ez dira erabili behar. Horien alternatiba gisa, zeharkako behaketa metodo seguruak erabil daitezke, hala nola proiekzio estenopeikoa edo erakundeek eskainitako zuzeneko emankizunak.
Eklipsearen egunean ikuspen oneko eremuetara joateko trafikoaren hazkundea aurreikusten denez, hurbileko behaketa puntuak aukeratzea, garaiz iristea eta itzulera modu mailakatuan egitea gomendatzen da. Halaber, Ertzaintzaren eta gainerako agintarien jarraibideak betetzea eskatu da.
Herritarrei gomendatzen zaie, gainera, eguzkitik babesteko krema erabiltzea, kapela edo txanoa eramatea eta behar bezala hidratatzea. Arreta berezia eskaini behar zaie haurrei eta pertsona kalteberei, behaketa egiten duten bitartean babes betaurrekoak kendu ez ditzaten.
Eguraldiari dagokionez, Euskalmeten iragarpenak jarraitzea komeni da, kostaldeko lanbroak, bero-hodeiak edo uda garaiko trumoi-ekaitzak gerta baitaitezke.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, baliteke elkarte astronomikoek eta tokiko taldeek eklipsearen inguruko behaketa publikoak antolatzea. Halako ekitaldiak antolatuz gero, indarrean dagoen araudia bete beharko da, segurtasuna eta herritarren ongizatea bermatzeko.

