webmaster-k Al, 2026-07-13 09:59-n bidalia
Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotako alkate eta udal ordezkarik bat egingo dute Bergaran datorren igande goizean, hilaren 19an, Foruen abolizioaren 150. eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenak oroitzeko egingo den ekitaldi politiko-instituzionalean. Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira antolatzen hitzordu garrantzitsu hori, zeinak karga sinboliko handia izango duen, iragana, oraina eta etorkizuna lotuz hitzen, musikaren eta dantzaren bitartez.
2026 urtea mugarri berezia da Euskal Herriko politikagintzan, bi efemeride historiko garrantzitsu batzen baitira: 1876ko uztailaren 21eko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren sorrera eta bere 50. urteurrena. Bi gertakariek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera.
Bergarako alkateak, Gorka Artolak, eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, egindako deialdiari erantzunez, dagoeneko Bidasoaren bi aldeetako ia berrehun herritako alkate eta udal ordezkarik konfirmatu dute ekitaldian parte hartzeko asmoa, Euskal Herri osoko beste hainbat erakunde arduradunekin batera.
Igandeko ekitaldi politiko instituzionean Alkateen Mugimendua gogoratu eta 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortuko dute. Ekitaldia, halaber, etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune izango da.
Izan ere, foruen abolizioaren mendeurrena hizpide izan zuen Alkateen Mugimenduak 1976an Bergaran egindako bilkura hartan, zeinak garaiko testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten. Mende bete lehenago, 1876ko abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen.

