•    Igande goizean egoera fitosanitario kaskarrean zegoen zuhaitz bat erori zen Bideberrin. Udalak aurreikusita zeukan zuhaitz hau ordezkatzea baina eguraldiaren egoerak atzeratu egin ditu lanak.
•    Udaleko Lorezaintza zerbitzuak etengabe dihardu lanean hiriguneko zuhaitzen osasuna monitorizatzeko, zuhaitzak noiz berritu detektatzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko.

 

Kaleko eta berdeguneetako zuhaitzek –zuhaitz helduek bereziki- funtzio oso garrantzitsuak betetzen dituzte herrian: gure herria atseginago egiten dute eta gure ongizate maila zein ingurumen baldintzak (kutsadura murriztu, kontraste termikoak apaldu, biodibertsitatea eutsi) hobetzen dituzte. Baina egia da baita zuhaitzek, helduak direnean edota estres baldintza gogorretan hazten direnean, arazo estrukturalak eta gaixotasunak izan ditzaketela, eta herritarrentzat egoera arriskutsuak sortzeraino degradatu daitezkeela.

Ekarpen positiboak aprobetxatuz, arriskuak saihesteko –hau da, gestio orekatua egiteko- , Udalaren Lorezaintza zerbitzuak kaleko eta berdeguneetako zuhaitzen egoera ezagutzeko monitorizazio lanak egiten ditu etengabe. Horien helburua da gaixotasunak eta arazo estrukturalak dituzten zuhaitzak antzematea eta ahalik eta azkarren, tratamenduak ezartzea, zuzenketa neurriak hartzea, edo horiek ezinezkoak badira, zuhaitza ordezkatzea.

Arrazoi horiek direla eta, datozen egunetan 4 zuhaitz ordezkatuko ditu Udalak: Untzeta jauregiaren lorategian (“Arrizuriagan”) ezki bat, eta Bideberrin 3 Indigaztain. Egindako azterketek erakutsi dute zuhaitz hauek ordezkatzeko unea iritsi dela. Horrela, zuhaitzak moztu egingo dira, eta espezie bereko ale gazteak landatuko dira leku berean.


Bideberrin zuhaitza erori zen igandean

Bideberriko kasuan, duela bi hamarkada egindako inausketa agresibo baten ondorioz, leku horretako ezaugarri nagusia diren indigaztainek (Aesculus hippocastanum) hainbat arazo dituzte. Azken urteotan jada zuhaitz bat ordezkatu behar izan da eta beste bat kendu (aurten landatzeko zain dago). Gainera, aurtengo neguan beste 3 zuhaitz botatzeko eta landatzeko lanak aurreikusten ziren beraien egoera fitosanitario eskasagatik.

Hain zuzen, igande goizean azken hauetariko bat erori egin zen. Igaro diren asteotan izandako eguraldiak (haizeak eta euriak) lanak atzeratu ditu eta urte hasieran egin behar ziren lanak aste honetan egingo dira.

Horrez gain, azken urteetan Bideberriko zuhaitz hauen bilakaera zein izan den ikusita, Udal Lorazaintza zerbitzuak zuhaitzon azterketa berezi bat ere egingo du makina erresistografoak erabilita.

Aurrez Usondon, Errotalden, Untzetan eta Errekalden ere egin izan ditu Udalak horrelako azterketak zuhaitz helduen egoera ezagutzeko.