2013an, epailearen aginduz, Pleno aretoan eta Udaletxeko fatxadan jarri zen Espainiako bandera beste 54 herrialdetako banderekin batera. Neurri honek ez duela Banderen Erabilpen Legea betetzen ebatzi du epaileak.

2013ko otsailean Bergarako Udalak 39/1981 Banderen Erabilpen Legea betearazteko epailearen agindua jaso zuen zeinaren arabera Espainiako banderak Udaletxean ikusgarri egon behar duen lehentasunezko espazio batean, bai barruko aldean bai kanpoko aldean.

Agindu honi erantzuteko Bergarako Udalak Espainiako bandera jarri zuen Udaletxeko balkoian zein Pleno Aretoan, beste 54 herrialde eta naziotako banderekin batera (egun , 55. bat ere badago: Kurdistango bandera, hain zuzen).

Bergarako Udalak hartutako neurriak jasotako agindua betetzen ez zuelako salaketa jasota ikerketa abiatu zuen epaileak. Azkenean, urte honen hasieran Bergarako Udalak hartutako neurriak “cosmopolitatasun  sano”  bat erakusten badu ere “jatorrizko sententziaren betearazpen terminoak ez dituela betetzen” ebatzi du epaileak.

Honela bada, epailearen agindua betetzeko Espainiako bandera gainontzekoengandik bereizi eta “ikusgarriago” jarriko du Udalak. Gainontzeko 55 banderak egun dauden toki berean mantenduko dira.

Gertaeren kronologia laburra:

  • 2013/02/15: Bergarako Udalak 39/1981 Legea (Banderen Legea) betetzeko epailearen agindua jaso zuen: Espainiako banderak Udaletxean ikusgarri egon behar du “nabarmendutako, ikusgarritasunezko eta ohorezko” espazio batean, kanpoko aldean eta barruko aldean.
  • 2013/02/06: Bergarako Udalak jatorri desberdineko bergararrei dei egin zien euren jatorrizko herrialdeetako banderak Udaletxean ikusgarri egoteko proposa zitzaten.
  • 2013/03/20: Bergarako Udalak Espainiako bandera jarri zituen Udaletxeko balkoian eta pleno aretoan, beste 54rekin batera.
  • 2013/03/23: Bergarako Udalak Ikurriñari omenaldia egin zion.
  • 2013/05/31: Bergarako Udalak epailearen errekerimendua jaso zuen Udalak aginduaren betetzeari buruzko txostena aurkezteko, agindua egokiro ez bete izana egotzi baitzitzaion Udalari. 
  • 2013/06/12: Bergarako Udalak txostena bidali zion epaileari hartutako neurriak epailearen agindua betetzen zuela argudiatuta.
  • 2014/01/09: Bergarako Udalak agindua bete ez zuela ebatzi zuen epaileak.
  • 2014/02/04: Bergarako Udalak epailearen ebazpena jaso eta legea betetzeko behin betiko agindua jaso zuen.
  • 2014/03: Bergarako Udalak epailearen agindua betetzeko neurriak hartu beharko ditu, Udal gobernuaren nahiaren kontra.