Zer da?

Lan ildo honen helburua da Azokaren beraren inguruko gogoeta bultzatzea, beti ere, kontuan hartuta tokiko garapenaren gune erreferentzial bilakatu nahi dugula gure Azoka.

Honela, elikagaien merkaturatzea indartzeaz gain beste produktu eta jarduera batzuk bertara bideratzea lortu nahi da. Era berean, Azokaren eraikinari erabilera berriak eta osagarriak emateko aukerak identifikatu nahi dira.

 

Nori zuzendua dago?

  • Herri-eragileei: Herri eragileak dira Bergara herri bizia eta eskaintza anitzekoa izan dadin sustatzen duten era guztietako elkarte edota taldeetako parte hartzaileak. Hauen artean aurkitzen ditugu esaterako, euskararen inguruan antolatutako taldeak, musikaren zein artearen inguruan antolatutako elkarteak, kirolaren edota asialdiaren inguruan antolatutakoak...
  • Sortzaileei, esku-trebeei eta "hobby"dunei: Sormena eta ideiak lantzen dituzten pertsonak dira edo zaletasun zehatz bat partekatzen dutenak. Besteak beste, jostea, diseinatzea, eskulanak egitea edota bitxiak egitea bezalako jarduerak gustuko dituzten pertsonak dira.
  • Negozio edota enpresa-sustatzaileei: Azoka Bergaratzenen helburuetariko bat bertokoa ekonomia bultzatzea izanik, gurean negozio-eredu berriak edota ekonomi-jarduerak bideratzeko interesa izan lezaketen pertsonak dira, baita dagoeneko negozioak dauzkatenak ere (esaterako, merkatariak eta ostalariak).
  • Herritar guztiei: Bergararrok gara Azokan eskaintza zabala izatetik eta eraikin honi erabilera berriak ematetik onura gehien lor dezakgunak.

 

Zergatik parte hartu?

Bergaran jarduna eta mugimendua sortzeko iniziatiba edota gogoa duten petsonek zein taldeek ekarpen handiak eta garrantzitsuak egin ditzakezue Azoka indartzeko eta, era berean, guztion beharrak eta nahiak ezagutzea eta plazaratzea funtsezko pausua da Azokako jarduna eta erabilera finkatzeko.

Azokari berari bizi berria ematearekin batera, nahi ditugun ekonomia eta herri-eskaintza eredua eraikitzen hasteko pauso esanguratsua izan litekeelako.

 

Nola bideratzen da parte hartzea?

Lan-ildo honetan lantzen den eremua eta taldeetako pertsonen profila oso anitza izanik, bi azpi-taldeetan banatuta burutzen dira parte hartze saioak:

  • Tokiko ekonomia taldea: Talde zabalena da, goian aipatutako talde guztiei eta bereziki sortzaileei, zaletasunak dituztenei, eskutrebeei eta sustatzaileei (noski, baita herritarrei ere, oro har) bideratuta dagoena.
  • Herri eragileen taldea: Dagoeneko martxan dauden iniziatiba zehatzen inguruan osatutako taldeetako partaideak izanik, beren beharrak eta ikuspegia bereziak dira.

Horrez gain, ordutegi eta lan ezaugarri bereziak dituen taldea delako, merkatariek eta ostalariek bilera bereiziak ere egiten dituzte. Beren ekarpenak "tokiko ekonomia" taldean txertatzen dira.

Taldeotan landutako ideiak eta lerroak bateratze saioetan txertatzen dira, elkarrekin ekintza eta proposamen zehatzak marrazteko.

Eman izena