Natura eguna, Bergarano naturaguneak balioan jartzeko eguna da. Batetik, ohiko zuhaitz landaketa egiten dugu eta gainera ingurune naturalean gozatzeko dauzkagun aukerak aprobetxatzeko eta erakusteko hainbat ekimenek laguntzen dute. Aurtengoan marxoaren 30ean izango da.

Zuhaitz landaketari dagokionez, helburua izaten da Udal lursail batean galdutako basoa berreskuratzea (biodibertsitatea errestauratzea). Aurten Iturriberriko (edo Gorlako) kantina izango da protagonista eta horren inguruan, goiz pasa atsegin baterako programa izango da. Gainera, aurten Gorlako txirrindulari igoerarekin bat egingo du.

2014ko natura egunaren egitaraua hau izango da:

  • 08:30 Gorlara oinezko irteera, Pol-Pol M.T.-ak gidatuta.
  • 10:00 – 11:00: Zuhaitz Landaketa.
  • 11:00 Historiaurreko olinpiadak gazteentzat
  • 11:00 Paseo gidatua Elosuko Benta aldera.  
  • 12.00 – Hamarretakoa Kantina aurrean, parte hartu duten haur eta gazteentzako.
  • (12:15: Txirrindulari lasterketaren amaiera.)

 

Jarduera programaren xehetasunak:

Joan etorriak

Igotzeko lehen aukera oinezkoa da, Pol-Pol Mendizale taldeak antolatu duen irteeran parte hartuaz. Herritar guztiek har dezakete parte oinezko igoeran. Irteera goizeko 8:30ean izango da, Frontoian.

Bestalde, Udalak autobus bat jarriko du goizean Gorlara igotzeko eta eguerdian itzultzeko. Lekua eta ordua: Autobusez igotzeko lehen aukera 09:15ean izango da eta bigarrena 10:15ean. Lekua: Ariznoa plaza, epaitegi aurrean.
Natura eguneko jarduerak eta txirrindulari lasterketa amaitu ostean, itzulera oinez zein autobusean egin dateke. Autobusaren ordutegia: 12:45 eta 13:45.


Landaketa

Landaketaren helburua da lursail horretan berezkoa –baso potentziala-den Pagadi azidofiloa berreskuratzea. Lehenago ere egin izan dira pagadia berreskuratzeko landaketak leku berean. Helburua pagadia berreskuratzea izanik, landatuko diren zuhaitz gehienak pagoak izango dira baina horiekin batera, pagadiko beste espezie batzuk ere landatuko dira: gorostiak, sagarminak, urkiak, elorri zuriak etab.
Landaketa honekin, Pagola-Loidiko pagadi baliotsua osatzen jarraitzea lortuko luke Bergarak.

Behin landaketa burututa, bertaratuek bi aukera dituzte: Lehena, “historiaurreko lehen olinpiadatan” parte hartu eta bigarrena, Elosuko Benta aldera bisita gidatu berezi bat egin.

Olinpiadak

Gorlako kantina ingurua, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa ezagutzeko abiapuntu ezin hobea da. Esandako eremua balio natural eta arkeologiko askoren gordailua da.  Hori gogoratu nahi du gazteentzat antolatuko den “historiaurreko lehen olinpiada” honek.

Kirol probak eta mitologia uztartuz, parte hartzen duten haurrek garai bateko bizimodu eta teknikak ezagutzeko et aprobatzeko aukera izango dute. Besteak beste,  Arku txikiekin uztai jaurtiketa egingo dute eta baita azagaien jaurtiketa bultzagailuarekin. Jarduera hau “Debanatura elkarteko” bi hezitzailek gidatuko dute.

Olinpiadetan parte hartzeko: zuhaitz landaketa egin ostean, 11:00etan, kantina aurrean.


Paseo gidatua 

Ordu bete inguruko paseoa Amaia Arriaran ipuin kontalari bergararrak gidatuko du. Oinez egingo den txango labur batean zehar, ingurune honetako historia aberatsari buruzko azalpenak eman –estazio megalitikoa, Elosuko gaztelua, Bentako bandoleroak, antzinako bideak… - eta hiru ipuin tartekatuko ditu. Publiko guztientzat pentsatuta dago bisita; helduentzat, haurrak dituzten familientzat…

Bisita gidatuan parte hartzeko: zuhaitz landaketa egin ostean, 11:00etan, kantina aurrean.

Iraupena: 1 ordu.


Hamarretakoa:

Landaketan eta Olinpiadan edo Bisitan parte hartzen duten haur eta gazteentzat izango da. 12:00etan, Kantina aurrean.