Jarduneko Udal Gobernuak udal proiektuen egoeraren berri eman du. Arloz arlo, zein proiektu geratzen diren hurrengo legegintzaldirako bideratuta eta zein den proiektu bakoitzaren egoera zehaztu du.

Sozioekonomia arloan, martxan dira lehen sektorea bultzatzeko Hileko Lehen Eguazteneko Azoka eta San Joxepeko baratz urbanoen proiektua ere bideratuta dago. Bigarren sektorean Berelan (BERgara-Elgeta-ANtzuola) eta Enpresare, enpresari taldearen sorrera bultzatu dira. Hirugarren sektorean, aldiz, Bergara bizi egitasmoa sortu zen eta egun ekintza ugari bideratzen dira bertatik sektorea biziberritzeko.

Errekalde Jauregian Bergarako ondarea balorean jarriko duen Laboratorium museoa bidean da. Irekiera ofiziala uztailaren 17rako aurreikusita dago, udaran herritarrek eta turistek bisitatzeko aukera izan dezaten. Hala ere, gizarte museoak hasi du bere jarduera eta horren adibide dira “Berrekin, Berregin” ekintzailetasun soziala sustatzeko programa eta udaberrirako antolatutako “Laboratorium Hitzaldi Zikloa”. Azken hilabeteetan “Berrekin, Berregin” ikastaroan hogeitik gora gaztek ekintzailetasun sozialaren inguruko formakuntza jasotzen ari dira etorkizunean ekimenak martxan jarri eta autoenplegatzeko helburuarekin. Era berean, udaberriko Laboratorium Hitzaldi Ziklo irekia antolatu da “Berrekin, Berregin” programan lantzen diren gai sozialak ere herritarrei, oro har, aurkeztu eta eskaintzeko.

Bergara UNED fundazioak Arrizuriaga egokitzeko obren finantziazioa lortu du eta  obren esleipena martxan dago.  Bertan, Zetabik egokitutako Ina Azpiazu arkitektoaren proiektu ikusgarria garatuko da.

Kultura arloan, Errege Seminarioan egingo den Kultura areto berria bideratuta dago. Lanen esleipena martxan da eta obrak laster hasiko dira.

Hirigintza arloan, esanguratsuak diren hainbat proiektu gauzatu dira eta herriko zenbait “puntu beltzek” sortzen zituzten arazoak saihesteko ekintzak bideratu dira, hala nola, San Antonioko etxeen eraistea eta E. Urdangarin eta Alkabieta kaleko bidegurutzea zabaltzea ahalbideratuko duen lursailaren erosketa.  Bestalde, Bidekurutzeta berrurbanizatzeko lanak datorren astelehenean hasiko dira.

Mugikortasun Mahaia sortu da;  Oxirondotik Mekolaldera falta diren bidegorri sareko tarteak osatzeko proiektuak amaituta daude eta tarte horiek egiteko dirua ere gordeta dago.

Auzoei dagokienez, Osintxuko ikerketa sozio-urbanistikoa bukatuta, Osintxu eraberritzeko diru laguntzak lortu ahal izango dira. Angiozarren GHKk emandako diruarekin hainbat proiektu bideratuta geratzen dira: Beheko kalea zabaltzea, Lope-Epele arte kohesio bidea egitea, eskolako igogailua, e.a.

Gizarte zerbitzuan, Grupo Eibarrekin lortu den akordioari esker 500 m2-ko azalera duen lokal egokitua eskuratu du Udalak eta bertan eguneko zentroa egin ahal izango da.

Mizpirualde egoitzara irisgarritasuna hobetzeko igogailuaren obrak ere laster hasiko dira. Bertako egoiliar eta bisitarientzat ez ezik, Zabalotegi kaleko herritarrentzat ere hobetuko da irisgarritasuna obra honekin. Etxebizitzen alokairu soziala sustatzeko programa ere martxan dago.

Udal antolaketan, herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko, jende aurreko arretarako eta tramiteak erraz eta azkar egiteko, leihatila bakarra martxan jartzeko oinarrien ezarpenean asko aurreratu da eta laster martxan jartzeko moduan egongo litzateke.

Agorrosinen udan zehar padle pista estalia amaitzea eta gimnasioa handitzea aurreikusten da.

Baliabide urriekin egin da lan eta modu arrazionalean. Horren islada da udal zorra lau urtetan ia 2 milioi jaistea (2011an 10.195.878 euroko zorra zuen Udalak eta 2014an, 8.266.912 eurotara jaitsi zen).