Udaletxeko aretoan ospatu den ezohiko bilkuran legegintzaldi berrirako udalbatza berria eratu eta alkatea hautatu dira.

Eguerdiko 12:00etan hasi da ezohiko bilkura. Lehenengo, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan zinegotzi izateko aukeratuak izan zirenek karguari zin egin diote eta, era horretan, udalbatza berria eratu da.

Ondoren, alkatea aukeratu da. Bozketa egin aurretik, EAJ-PNV eta Irabazi alderdietako zerrendaburuak aurkeztu dira alkategai eta EH Bildu eta PSE-EE alderdietako ordezkariek, aldiz, ez dute alkategairik aurkeztu.

Bozketako emaitzak ondorengoak izan dira: 8 bozka jaso ditu EAJ-PNVko Juanje Alberdik, Irabaziko Aiert Lizarraldek bozka 1 jaso du eta 8 bozka txuriak izan dira. Beraz, EAJ-PNV alkategaiak gehiengo osoa jaso ez badu ere, udal hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zenez, Juanje Alberdi bihurtu da Bergarako alkate. 

Juanje Alberdik alkate karguari zin egin ostean, herritarrei eskerrak eman dizkie emandako konfidantzagatik eta etorkizuneko Bergara prestatzea izango dela erronka nagusia adierazi du.