2015eko urriaren 3an Hegaztien Eguna ospatzen da. Egun horretako ospakizunekin bat egingo du Laboratorium museoak eta bi jarduera egingo dira.

Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan ospatuko den “I. Maratoi Ornitologikoan” parte hartuko du Laboratoriumek. Maratoi hau Ingurumen hezkuntzako jarduera bat da eta nahi duten herritar guztiek har dezakete parte. 24 orduz ahalik eta hegazti-espezie gehien identifikatzea da helburua, EAEko edozein lekutan. Laboratorium Museoak eskualdeko bi ekipo sortuko ditu urriaren 3an Debagoienan aritzeko.

Eta, bestetik, urriaren 10ean haurrei edota familiei zuzendutako Ornitologia tailer bat eskainiko da museoan. Lehendabizi, laborategian, haurrei hegaztien morfologia zertan datzan azalduko zaie; inguruko hegazti arruntenen ezagutza landuko da koaderno-gida txiki baten laguntzarekin; ondoren, Errekalde jauregiko lorategian ibilalditxoa egingo dute hegaztiak behatzeko prismatiko eta teleskopioarekin; eta amaitzeko, hegaztiendako gordelekuak diren kabi-kutxak egingo dituzte haurrek.

Tailerra Lehen Hezkuntzako haurrentzat da egokia. Taldeak adinaren arabera antolatuko dira eta txikienak gurasoekin etorri daitezke, zientzia zaletasun hau jarduera familiar gisa gozatuz.

Tailerra urriak 10ean izango da, 10:00etatik 13:00etara, Bergarako Laboratorium museoan. Eskualdeko haur guztientzat irekia da eta dohainekoa.

Izena emateko eta informazio osagarria eskuratzeko museora deitu behar da osteguna (urriak 8) baino lehen.

Museoko telefonoa: 943 76 90 03