Laboratoriumeko aldi baterako erakusketari esker, Bergarako 130 ikasle inguru Simon Arrietaren bizitza eta artelana gertutik ezagutzen ari dira.

Laboratorium eta Udalak ekintza didaktiko bat prestatu dute Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martin ikastetxeetako 8-10 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. Ekintza honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, Bergarako historian marrazketak izan duen garrantzia azaltzea eta urteetan zehar izan duen ibilbidea herrian (XVIII.mendean Bergarako Errege Mintegian marrazketa eskola sortu zenetik hasita) eta, bestetik, pinturaren oinarrizko generoak bereizten ikastea, aldi baterako erakusketan dauden lanak aztertuz.

Ekintza didaktiko hau bi zatitan banatzen da, nagusiki. Lehen zatian, begirale batek lagunduta, Laboratorium museoko aldi baterako erakusketa bisitatzen ari dira eta, ondoren, udaletxera jeitsi eta bertan dagoen Simon Arrietaren margolana ezagutzen dute.