Gaur, azaroaren 10a, Oroimenaren Eguna ospatzen da eta Bergarako Udalak giza eskubideen urraketa jasan dituzten biktimak gogoratu ditu. Arratsalderako konzentrazio isili zegoen deitua eta bertan izan da Udal Korporazioa. Bilkura isilaren ostean, Juan Jesus Alberdi alkateak atzoko ezohiko Osoko Bilkuran aho batez onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri du.

Adierazpen Instituzionalak honela dio:

“Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor diegu egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea.

Egindako mina aitortuz eta giza duintasunaren, pertsonaren eta horren ondoriozko giza eskubideen, errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dagoela onartuz jarriko ditugu etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskatzen dituen oinarri sendoak.

Eta guztion artean eraiki behar ditugu oinarri horiek, ez baitago inor soberan. Horregatik, Bergarako Udalak gure herrian bakean, giza-eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartu dugu.”