Atzo azaroko ohiko Osoko Bilkura egin zen eta bertan alkateak hondakinak gaika biltzeko sistemaren gainean egindako herri kontsultaren balorazioa egin zuen. Bergaratarrak zoriondu eta eskerrak eman zizkien herri kontsultan parte hartutako herritar guztiei eta baita udal langileei ere.

Emaitzetatik haratago, azaroaren 29a historiara pasako dela adierazi zuen; lehen aldiz Udalak antolatutako herri kontsulta bat ospatu zelako eta baita herritarren partaidetza eredugarria izan zelako.

Emaitzei dagokienez, hondakinak gaika biltzeko, gehiengoa 5. edukiontziaren aldekoa dela baieztatu zen eta ez egungo sistema. Horregatik, aurrerantzean hondakinak edukiontzien bidez biltzeko sistemaren ezarpena lantzen hasiko zirela adierazi zuen.

Bestalde, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Udalaren Adierazpen Instituzionala onartu zen aho batez. Aurtengoan euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die Udalak, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginarengatik. Era berean, euskararen erabileraren normalizazioan urrats sendoak ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela adierazi zuen Udalak.  

Euskararen Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionala 

Atzoko Osoko Bilkurako beste zenbait gai