Atzo aurkeztu zuten Berregin.Berrekin 2016rako programa Udalak eta MU-Lanki Ikertegiak Errekalde Jauregian. Lehengo urteko edizioaren ondoren, Udalaren balorazioa oso positiboa izan zen eta aurten ere ekintzailetasun soziala sustatzearen aldeko apustua egin nahi izan du, Maite Agirre zinegotziak adierazi zuenez. Udalak aurten Gipuzkoako Foru Aldundiko diru-laguntza jaso du formazio-programa garatu ahal izateko, Ikasmina programaren bidez.

Berrikuntza nagusien artean dago 2016ko edizioan parte-hartzaileak ez direla soilik Bergarakoak izango; aurten, Debagoieneko gazte guztiek izango dute aukera Berrekin.Berregin programan parte hartzeko.

Aritz Kanpandegi MU-Lanki Ikertegiko kideak azaldu zituen programa honen helburuak eta formakuntzaren nondik norakoak. Formazioa otsailaren 29tik maiatzaren 31ra bitartean izango da, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea otsailaren 15ean amaituko da.

Aurreko edizioan bezalaxe, ekintzailetasun soziala sustatzeko formazioak bi atal nagusi izango ditu: Formakuntza teorikoa eta Hazitegia. Lehenengoaren baitan marko teorikoa ikasi ahal izango dute ikasleek eta baita ekintzailetasun sozialerako tresna nagusiak zeintzuk diren. Eta Hazitegia atalean, berriz, sorkuntza-saioak, tutoretzak eta beste esperientzia batzuk ezagutzeko irteerak egingo dira. Hazitegian MU-Lanki Ikertegiko kideez gain, Olatukoop eta Bagarako kideak arituko dira lanean ikasleekin.

Informazio-saio batzuk antolatu dira eskualdeko herri ezberdinetan programa azaltzeko eta sortu daitezkeen zalantzak argitzeko:

Urtarrilak 27

Bergaran (Errekalden), 18:30ean

Otsailak 1

Arrasaten (Kulturaten), 18:30ean

Otsailak 2

Aretxabaletan (Arkupen), 18:30ean

Otsailak 4

Oñatin (Euskaltegian), 18:30ean

 

Informazio gehiago http://berrekinberregin.com atarian.