Eguraldi eta giro bikaina lagun, bergararrek San Martzial erromeriaz gozatu zuten igandean. Aurtengo festa eguna gainera, berrikuntzekin iritsi da, izan ere, Bergarako Udalak ingurumenarekiko eta festa jasangarriaren aldeko apustua egin du egun bereziarentzat. Honela, herriko altxorra den San Martzial eremua ahalik eta garbiena uzteko helburuarekin, hondakinak gaika biltzeko ingurugiro kit bat banatu da. Festa amaituta, Udala pozik agertu da ekimenak izandako emaitzarekin. “Inoiz baino garbiago geratu da San Martzial eremua. Puntu jakin batzuk hondakinekin bukatu arren, Bergarako Udalak emandako pausoa onuragarria izan dela esan dezakegu”, agertu du Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi den Lander Arregik.

Modu honetan, Udaletik eskerrik beroenak eman nahi zaizkie herritarrei, herria eta ingurunea garbi eta txukun mantentzeko egindako ahaleginagatik eta aurrerantzean ere, bide berdinean landuz jarraituko du: “aurtengo esperientzia positiboa izan arren, gauzak hobetzeko ditugu eta bide horretatik lanean jarraituko dugu aurrerantzean. Bide horretan, herritarren laguntza ezinbestekoa dugu, Bergara eta San Martzial zaintzea eta garbi mantentzea denon ardura baita”.

Azkenik, herritarren jarrera egokia ere nabarmendu nahi du Udalak, ez baita aparteko arazorik sortu alkohola eta bestelako drogen kontsumoarekin lotuta. Bestalde, eraso sexisten berririk ere ez du izan Udalak.

 

Arloa: