Bihar, abuztuaren 31n, Lehen Karlistaldiaren bukaera eszenifikatu zuen Baldomero Esparteroren eta Rafael Marotoren arteko besarkadaren 177. urteurrenean, Bergarako Laboratorium Museoan inaugururatuko da 1839. Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa erakusketa, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren Bake-ituna proiektuaren baitan. 19:00etan hasiko da bihar inaugurazioa eta ondoren, erakusketa azaroaren 1era bitartean bisitatu ahalko da.

Bergarako Akordioa Karlosen jarraitzaileen zati batek onartu ez bazuen ere, gatazkaren konponbide bat zen, foruen transakzioaren bidez. Euskal biztanleen zati handi batek pozik hartu zuen irtenbidea, baina transakzio horren interpretazio desberdinek ituna sistema ezeztatzeko giltzarri bihurtu zuten. Erakusketa horretan, Espainiako erregetzaren borroka argitzen zuen, baina euskal lurraldean izan zen gatazka armatu bati buruzko hainbat interpretazio zalantzan jartzen dira.

Elena Lete Bergarako alkateak besarkadak izan zuen garrantzia nabarmendu du: "Erakusketak gertakizun historiko garrantzitsu hori gogoratzen eta aztertzen du. Eta azterketa horretan askok ez dakiten gauza bat agerian gelditzen da: Euskal gizartearen gehiengo batek begi onez hartu zuela bere garaian Bergarako Komenioa. Izan ere, gure lurraldea pobrezia ilunean gero eta gehiago sartzen ari zuen gerra krudel eta oso bortitzari amaiera ematen zitzaion. Hain garrantzitsuak diren bakea eta bizikidetza lortzeko keinu historikoa izan zen".

Bergarako Besarkada

Bergarako Besarkada, zalantzarik gabe, bake-itunik ezagunena da euskaldunen artean. Amaiera eman zion Espainiako erreinuan Antzinako Erregimenetik sistema liberal batera igarotzea jokoan jartzen zuen liskar zibilaren eszenatoki nagusi izan zen Euskal Herria sei urtez suntsitu zuen gerra bati.

Erakusketa horrek behin betiko Bergarako Akordioa baino lehenagoko bake-itun desberdinak jasotzen ditu. Bergarako Besarkadak ekarri zuen keinuan zentratzen da, haren ikonografia eta bibliografia zabalarekin, ondoren, kontzeptuaren egungo ikuspegia dakarten beste «besarkada» batzuei erreferentzia egiteko. Beste ikuspegi bat aurkezten du, eta hala, ezaguntzat jotzen den gertaera historiko bati buruz publikoari gogoeta egin dezan eragin.

Erakusketak hiru atal nagusi ditu: lehenengoan, Bergarako gertaera baino lehen, bakea lortzeko egin ziren ahaleginak gogoratzen dira; bigarrena Bergarako Komenioari eta besarkadei dagokio; eta hirugarrenean Lehen Karlistadaren amaieraren ondorengo oroitzapen ospakizunak ikusten eta aztertzen dira. 17 erakunde edo partikular desberdinek utzitako 65 pieza edo ale ikusiko ditugu. Gehienak Euskal Herrikoak dira, baina badira Madriletik, Toledotik  eta Bartzelonatik etorritako aleak.