Bergarako Udalak Ipintza futbol zelaiak harmaila berriak behar zituela ohartu zen eta instalazio berriak herritar eta ikusleen beharrei egokitzeko helburuarekin, parte hartze prozesua jarri zuen abian. Prozesu horretan, erabiltzaileekin adostu ziren harmaila berriak nolakoak izan behar ziren. Ekainaren 8an egindako bileran adostu ziren instalazioen nondik norakoak.

"Hauteskunde programan genuen asmoa da Ipintzako harmailena. Eta gainera, partaidetza prozesu bidez gauzatu dela nabarmendu nahiko nuke. Herritar eta eragileekin egindako bilera horretara Udalak bi proposamen eraman zituen, kokapen desberdinarekin; bata futbol zelaiko sarreraren ondoan eta bestea, futbol zelaiaren beste bandan. Bilerara bertaratutako herritar eta eragileek sarrera ondoko kokapenekoa hobetsi zuten. Era berean, proiektuari ekarpenak egin zizkioten; harmailara igotzeko eskailerak lekuz aldatzea, kafetegia eta harmailen arteko pasabidea lekuz aldatzea edota harmailaren altuera handitzea", adierazi du Elena Lete alkateak.

Udalak ere beste alderdi tekniko batzuen ekarpenak egin zituen proiektua amaitzeko. Honela, harmaila aurreratu eta zelaitik gertuago jarri eta harmaila azpian biltokia ipintzea erabaki zen. Biltoki hau 4 edo 2 biltokitan banatu ahalko da; 4 txiki edo 2 handi.

Honela, ekarpen guztiak batu eta proiektua amaituta, harmailaren lanak hasi ziren, azaroaren hasieran abiatu ziren, eta hiru hilabetetan amaituta egotea aurreikusten dira, hau da, otsaila hasierarako. Eraikitze lanak, Excavaciones Gabika S.L. enpresa ari da egiten eta 140.880 euro (gehi BEZ) da aurrekontua.

Harmaila, beraz, zelaiko sarrera ondoan kokatuta egongo da eta 140/160 lagunentzako tokia izango da guztira. Era berean, eguraldiaren elementuetatik babestuta egoteko, sabai bat izango du. Era berean, irisgarritasun neurriak ere beteko ditu, izan ere, gurpil-autoan ibiltzen diren pertsonentzat Agorrosingo tabernatik sarrera berezitua ezarriko da, eta hortik harmailara joateko, pasabidea egongo da.

"Lanek irauten duten bitartean futbol zelaiaren erabilera bermatuta izango da, izan ere, arratsaldeko 5etatik aurrera obrak eten egingo dira. Ipintzara etortzen diren futbol-zaleek eta bergarar guztiok gozatu ahal izango dugun harmaila berria denon gustukoak izango delakoan gaude", amaitu du alkateak.

Arloa: