Mekolaldeko zubi zaharra botatzeko lanak hasi dira dagoeneko. Aste honetan hasi dira obrak eta 10 egunetako epean guztiz eraitsita egongo da. Jarraian, oinezkoen pasabidearen proiektuari ekingo zaio, eta otsailaren lehen hamabostaldian, pasabide berria jarrita egotea aurreikusten da.

Lanek irauten duten bitartean, mekolaldeko bizilagunen beharrak asetuta egongo direla adierazi du Elena Lete alkateak; “Lanek eragozpenak sortuko zituela jakinda, bertako bizilagunekin bildu ginen euren beharrak ezagutzeko. Bi behar nagusi nabarmendu ziren, zabor bilketa eta mugikortasuna. Bizilagunekin horrela adostuta, zabor bilketa ibaiaren bi aldetatik egingo da eta garraio publikoa indartzeaz gain, Bergarako Udalak taxi zerbitzua finantzatuko die bizilagunei. Modu honetan, erosotasun osoa izango dute”.

Zubi zaharraren eraisketa eta pasabidearen eraikitze lanak Urartetxe enpresak egingo ditu eta horretarako 3 hilabeteko epea izango du. Honela hurrengo astean zubi zaharra botata egongo da, jarraian pasabidea jarri aurreko lanak egin beharko dira eta azkenik, otsaila hasieran, aurrez egindako pasabidea jarriko da. Arduradunek agertu dutenez, pasabidea egurrezkoa izango da, eta bi metro zabaleran eta 35 luzeran izango ditu. Gainera, argiztatuta egongo da.

“Aspalditik datorren gaia dugu hau, 2002 urtetik hain zuzen ere. Urte hauetan gauza asko egin dira; Tornillerias Deba etorri da industriagune honetara edota zubi berria eraiki zen. Orain, Urartetxe enpresa eta Ur Agentziarekin lanean ibili gara eta adostasunera iritsi gara zubi zaharra bota eta pasabidea jartzeko. Pasabide berriarekin gune honetako uholde arriskua nabarmen jaitsiko da”, gaineratu du alkateak.