“BERGARA ELKAREKIN EGIN LEHIAKETA”n herritarren sormena eta irudimena balioan jarriko dira. Horrela, ideietan herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzarekin zerikusia izango duen edozein proiektu edo ideia ingenioso eta bideragarri aurkeztu daiteke.

Partehartzaileek udal aurrekontuekin eta/edo udalak duen antolaketa, baliabide eta udal langileen laguntza nahiz auzolana erabiliz ideia bat garatu beharko dute. Ideia horrek herriko azpiegiturekin izan dezake lotura, herritarren partaidetza eta elkarbizitza sustatzeko ideia izan daiteke, elkartasun premiei erantzungo diena edo kulturarekin eta aisialdiarekin harremana duena.

Partehartzaile bakoitzak irudimena eta sormena landuz herrirako eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko ideia bat garatzea du helburu lehiaketa honek. Era berean, herritarrek aurkeztutako ideia ezberdinak baloratzeko aukera izango dute eta horrela ere, Udalak jendearen premia eta lehentasunak ezagutzeko balio izango du.

Ideiak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 1ean amaituko da eta Agorrosinen, Udal Liburutegian edo udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira.

Lehiaketako irabazleak  aukeratzeko epaimahai bat osatuko da eta herritarrek ere gehien gustatutako ideiak bozkatu ahal izango dituzte. Horrela, epaimahaiaren balorazioak %50eko balioa izango du eta herritarrenak beste %50a.

Ideiak bi baldintza hauek bete beharko ditu. Batetik, Ideia bideragarria izatea, ekonomia ikuspegitik. Horrela, Udalak 2017ko aurrekontuetan 100.000 euro aurreikusiko ditu lehiaketa honetako ideietatik sor daitezkeen ekimenak aurrera eramateko.

Hala eta guztiz ere, lehiaketak  ideia bera saritzen du baina berez ez du esan nahi exekutatuko denik. Udalak momentu jakin batean egokia dela erabakitzen badu, ideien proiektu teknikoak idazteko edo garatzeko dago(z)kion kontratua/k gauzatu ahal izango du/ditu, horretarako, indarrean dagoen administrazio kontratazioaren legerian xedatutakoa kontuan hartuz.

Eta, bestetik, proiektua /ideia denbora laburrean eta epe motzera (2017an) bideragarria izatea. Fase ezberdinak ere aurreikusi ahal dira beti ere autonomia izan dezaketen emaitzak lortzen badira.

Adinaren arabera partehartzaileak 4 taldetan banatuko dira

1 kategoria: 12 urtetik beherakoak.

2 kategoria: 12-18 urte bitartekoak.

3 kategoria: 18-60 urte bitartekoak.

4 kategoria: 60 urtetik gorakoak.

Sariak ere kategoriaren arabera banatuko dira. Guztira, 2.725 euroko balioa batzen duten sariak banatuko dira, adinaren eta irabazitako postuaren araberakoak.

Lehiaketako oinarriak eta eranskinak atxikituta (behean).