1963ko urtarrilean eta otsailean, Dan Grenholm eta Lennart Olson erreportari suediarrek Euskal Herria bisitatu zuten hainbat astetan zehar, eta euskal kulturari eta folkloreari buruzko bi laburmetraia dokumental etnografikotarako filmazioa egin zuten. Basker eta Bonde i Baskerland filmak izan ziren emaitza, eta suediar telebista publikoan eman ziren urte bereko udan.

Aipagarria da Bergaran grabatutako hainbat pasarte daudela dokumentalean. Sarean ikus daiteke trailer labur-labur bat (https://vimeo.com/193695520) eta trailer hori ikustea nahikoa da konturatzeko Bergarak izan zuen presentzia nabarmena:

1 - Josu Oregi bergararraren eskutik, dokumentalaren egileak pilota partida grabatu zuten Udal pilotaleku zaharrean, 1963ko otsailaren 5ean (San martin Agirreren kanonizazioaren mendeurrenean. Publikoaren plano zabalak azaltzen direnez, hainbat bergarar agertzen dira.

2 - Umore-Ona elkartean suadiarrentzat apropos antolatutako bertso-saioa: Jesus Alberdi “Egileor” (Bergara, 1931-2008) eta Jose Mari Gabilondo (Antzuola, 1938-2007), eta Bergarako eta Antzuolako lagunak, denak gizonezkoak.

3 - Itxasmendi baserriko Garitano Irazabal familia (sukaldean eta etxe inguruan. Itxasmendi baserrian baserriko bizitzaren jarduera ugari filmatu zuten bertan eta dokumentalaren bigarren partean, protagonismo nagusia dute.

Euskal herriari buruzko dokumental hauen iraupena 45 minutukoa da guztira. Otsailaren 8an ikusi ahal izango ditugu, 20:00etan, Zabalotegi aretoan. Dokumentalaren aurkezpena eta azalpen emateak Argibel Euba Ugarte ikerlariak egingo ditu. Argibel Eubak dokumental suediar horien azterketa orokorra egin eta gaiari buruzko liburu bat argitaratu du.

 

Arloa: