"Otsail amaierarako gutxi falta da; gutxi, beraz, Aratusteetarako; eta bergararrak herriko kaleak mozorroz janztera animatu nahi ditugu. Hala, herritarrak ez ezik, tabernariak eta saltokikoak ere mozorrotzera gonbidatzen ditugu. Umorea, festa, kolorea eta jai-giroa protagonista izatea nahi dugu, herritarrekin batera noski. Horretarako, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dugu. Sorgin-dantza, mozorro-bazkaria, banda eta orkestraren ohiko kontzertua, erraldoi eta kilikien konpartsaren kalejira, batukada herrikoia, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiak izango dira ikusteko eta gozatzeko festek irauten duten bitartean", hasi zuen atzoko prentsaurrekoa Maite Agirre Kultura batzordeburuak.

Urtero bezala, kontzerturako eta pailazoen emanaldirako sarrerak aurrez erosteko aukera izango da. Otsailaren 13an jarriko dira salgai bi ekitaldietarako sarrerak eta bi modu egongo dira erosteko: batetik, www.kutxabank.es webgunean 17:00etatik aurrera; eta bestetik, Zabalotegi aretoan, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era. Pertsona bakoitzak 6 sarrera erosi ahalko ditu gehienez, eta ekitaldien egunean leihatilak ere zabalduko dira sarrerak egonez gero.

Sarrera hauez gain, Mozorro Bazkarirako txartelak ere salgai daudela gogorarazi nahi dugu. Bazkaria otsailaren 25ean izango da, guztira 150 lagunentzako lekua izango da Aranzadiko gimnasioan, eta bertara joan ahal izateko aurrez erosi beharko dira txartelak. Horretarako, Pol Pol eta Ariznoa tabernetara edo Udal Kultura Sailera joan beharko da. Txartel bakoitza 16 euro ordaindu beharko da eta otsailaren 21a izango da erosteko azken eguna.

Kartel irabazlea

Aurtengo Aratusteetako kartel lehiaketak badu sariduna dagoeneko. "Hobe esateko, saridunak. Izan ere, Airez taldea osatzen duten Maite Aranzabal, Sara Martinez, Xabi Luke, Nerea Madariaga eta Irati Alberdik irabazi dute lehiaketa. Beraiek  proposatutako “Kolorez josi Aratusteak” irudia izango da festak iragartzeko erabiliko den kartela. Modu honetan, 350 euroko balioa duten bonoa lortu dute eta Bergarako komertzio-guneetan trukatu ahal izango dute. Kartela aukeratzeko lehiaketan, herritarren 82 boto jaso dira eta irudi irabazleak 33 eskuratu ditu. Boto horiez gain, Udalaren Kultur Departamentuko kideen irizpideak batuz erabaki da azkenean kartel irabazlea. Zorionak!", amaitu zuen Agirrek.

Hona hemen egitarau osoa;

Arloa: