Herriko ekonomia eta merkataritza txikia sustatzeko helburuarekin, Bergarako Udalak bonoetan banatzen ditu lehiaketa desberdinetako sariak. Amaitu berri den 2016 urtean adibidez, 13.470 euro banatu dira bonoetan. Bono hauek herriko komertzio eta saltokietan erabili daitezke, modu honetan, dirua Bergaran bertan geldituz. Gainera, merkatariek bonoetako dirua eskuratzeko tramitea oso erraza izaten dute.

Eragile guztien balorazio positiboa izanik, Bergarako Udalak herriko merkataritzari laguntzeko konpromisoa berretsi du eta 2017 urtean ere, bonoak banatzen jarraituko du antolatutako lehiaketetan; “Udal Gobernuak ekonomia sustatzea lehentasuna du eta zentzu horretan, herriko merkataritzak berebiziko garrantzia du. Bonoak ematean, diru hori herrian gelditzen da eta gainera, kontsumoa herrian bertan egiten dela ziurtatzen dugu. Bide horri jarraituko diogu urte honetan zehar eta Udaletik antolatutako lehiaketetako sariak bonoetan banatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu. Denon artean, elkarlanean, herriko ekonomia eta merkataritza bultzatzu eta laguntzen jarraitu nahi dugu”, agertu du Ekonomia sustapen, Turismo eta Enplegu batzordeburu den Sabino Azkaratek.