Asteazkenero Oxirondon egiten den Eguazteneko Azokari bultzada emateko asmoz, programaketan aldaketa bat egitea erabaki du Udalak. Horrela, aurrerantzean, ekintza hilean behin bakarrik egingo da, eta gainontzeko asteetan, azoka bera eta pintxo-potea mantenduko dira.

Ekintza hileko lehen asteazkenetan egingo da. Honela, aste honetan, martxoko lehen eguaztena izanda, azoka eta pintxo-poteaz gain, ekintza ere izango da. Asteazkenean ERLAUNTZAKO PRODUKTUAK: Ezaugarri, propietate eta erabilera hitzaldia eskainiko du Amaia Aierbe Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kideak eta aurreratu duenez, hitzaldiko helburua, erlauntzak eta erleak ematen dizkigun produktu natural desberdinak ezagutzera eman, sor ditzaketen onurak azaldu eta gure eguneroko bizitzan onura hauek nola aprobetxa ditzakegun azaltzea izango da.

Honela, asteazkenean 18:00etatik aurrera, Oxirondon baserritarren bertako eta sasoiko produktuez, erlauntzen hitzaldiaz eta Pol Pol tabernaren pintxo-poteaz gozatzeko aukera izango da.