Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta berotzen joateko, Bergarako Udal Liburutegiak bi ipuin kontaketa berezi prestatu ditu. Batetik, Aldo Mendez kubatarra bihar, asteartea, Irizar jauregian izango da 19:30ean “Las cosas en su sitio” emanaldiarekin. Helduei zuzendutako narrazio berezia ipuin desberdinez osatuta dago, fikzioa eta errealitatea uztartuz. Bestetik, martxoaren 31an, Amaia Nekanek haurrentzako saioa eskainiko du, 18:00etan Udal Liburutegian.

Era berean, herritarren irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin, Udalak bi e-reader zozkatuko ditu martxoaren 27tik apirilaren 27ra bitartean. Zozketa honetan parte hartzeko, bergararrek Liburutegian mailegua egin besterik ez dute izango, eta beren datuekin txartela bete ondoren, horretarako jarriko den kaxan utzi. Parte-hartzaile guztiekin, apirila amaieran zozkatuko dira bi e-readerrak. Gainera, Udalak 1000 liburu banatuko ditu Liburutegiko liburu bat maileguan hartzen dutenen artean.

“Herritarrak irakurtzera animatu nahi ditugu, ipuin eta nobelez gozatzeaz gain, ikasi eta ilustratzeko modu bat ere badelako irakurtzea. Gainera, irakurtzeak saria izango du. Beraz, Udal Liburutegira joan, liburua mailegatu, irakurri eta irabazteko aukera izango da”, agertu du Festa, Kultura eta Ondare saileko batzordeburua den Maite Agirrek.

Arloa: