Bergarako Udalaren asmoa herriko auzo desberdinetako bizilagunen bizi kalitatea hobetzea da. Bizilagunen beharrak detektatu eta horiei irtenbidea ematea ezinbestekoa da. Horregatik, Bergarako auzo desberdinetan hainbat lan egingo dira hurrengo asteetan. Angiozar, Basalgo eta Buruñao auzoetan segurtasun eta txukunketa lanak burutuko dira.

Angiozarren segurtasuna bermatzeko lanak egingo dira. Izan ere, auzoko frontoiaren atzeko hormaren alboan 4 metroko zulua dago eta arrisku egoera handia da, ume eta haurrentzat batik bat, auzo eskola ondoan baitago. Honela, sastraka eta zuhaitzak kenduko dira lelen, jarraian behin-behineko bizi-linea edo -lerroa jarri eta azkenik, hesia ipiniko da. Lan guztia hilabeteko epean egingo da eta denera, 8.000 euro inguruko aurrekontua izango du.

Basalgo auzoan berriz, pilotalekuko estalpea konponduko da.  Sasoi Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu lanak 15 eguneko epean eta aurrekontua, 6.594,74 eurotakoa da.

Azkenik, Buruñao auzoko segurtasuna bermatzeko lanak adostu dira. Auzoko plazan dauden maila desberdinen arteko altuerak eragin ditzakeen arazoen aurrean, baranda bat ezarriko da. Talleres Filber enpresak jarriko du baranda eta aurrekontua, 1742 eurokoa izango da.