Herritarren kexa ugariak ikusirik, eta Udal brigadako langileek jasaten duten egoeraren aurrean, Bergarako Udalak txakurren araudia betearazten hasiko da maiatzaren 8tik aurrera. “Azken boladan, txakurren jabeek animalien kakak jasotzen ez dituztela-eta kexa ugari jaso ditugu. Gainera, puntu beltzak detektatu ditugu eta mapa batean jaso. Mapa horretan garbi ikusten da txakur kaka ugari dagoela kale eta lorategietan eta horren aurrean neurriak hartzea erabaki dugu”, agertu du Lander Arregi Obra eta Zerbitzuetako, Auzoetako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzordeburuak.

Hala, herriko kaleak eta berdeguneak txukun mantentzeko asmoz, txakurren inguruko araudia martxan jartzea eta betearaztea erabaki dute. Maiatzaren 8tik aurrera, Udaltzaingoa isunak jartzen hasiko dira araudia betetzen ez duten herritarrekin. Animaliak eduki eta babesteko ordenantzaren arabera, kalean edota lorategietan gorotzak uzten dituzten txakur jabeek 300 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte.

Kakak poltsan jaso behar dira eta horretarako ezarritako edukiontzietara bota behar dira. Bergaran, txakur kakak jasotzeko hainbat ontzi daudela gogoratu nahi da. Hemen gorotzak jasotzeko ontzien planoa; pipikan.pdf

“Berdin du kaka non egiten den, kalean edo lorategian, kasu guztietan jaso behar da. Askotan lorategian izateagatik ez da jasotzen, desegin egiten dela pentsatuz. Baina horrek herritarren osasun eta segurtasunean izan ditzakeen ondorioak oso larriak izan daitezke. Horregatik, bergararrei arreta eta kolaborazioa eskatu nahi diegu”, gaineratu du Arregik.

Hona hemen txakurren kakak gehien biltzen diren espaloien mapa; espaloietan_txakur_kakak.pdf

Eta hemen lorategietakoa; lorategietan_txakur_kakak.pdf