Askotariko ekintzekin ospatuko du Bergarak, Liburu Eguna

Apirilak 23, igandea, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Ospakizun hau liburuak, argitaletxeak eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoarekin egiten da eta Bergarako Udalak helburu berdina duenez, hamaika ekintza antolatu ditu egun horren bueltan.

Ekitaldiak apirileko azken astean burutuko dira eta adin desberdinetako herritarrei zuzenduta egongo dira.

  • Apirilak 24: Solasaldi literarioa Irizar Jauregian arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Patxi Larrion idazle bergararrak bere azken liburua den “Feriatzaileak” komentatuko du.

  • Apirilak 25: Helduentzat ipuin kontaketa Ana Griott-en eskutik, Irizar Jauregian arratsaldeko 19:30ean (gazteleraz). “Nací en León y mi abuela callaba cuentos. Así que pronto aprendí a escuchar el silencio y a querer a los que no tienen voz. Tanto que me puse, años después y ya emigrante en Madrid, a hacer una tesis doctoral sobre la literatura de los que ni escriben ni leen. Y así, investigando en la tradición oral, fui a dar con los cuentos y empecé a contar. Y desde hace casi veinte años no callo. Después la voz se me hizo letra y comencé a escribir. Cuentos populares del Mediterráneo, Libro de Monstruos españoles, Libro de brujas españolas, La asombrosa y verdadera historia de un ratón llamado Pérez… son algunos de mis libros publicados por Siruela. El último, como los amores, es mi preferido, Geografía mágica se llama. Ay, si mi abuela levantara la cabeza…”

  • Apirilak 26: Baleube taldearen eskutik, eta Marian Santamaria kontalariarekin, San Joxepe elkartean ipuin kontaketa saioa arratsaldeko 18:00etan (gaztelaniaz).

  • Apirilak 27: bi e-booken zozketa 18:00etan.

  • Apirilak 28: Maite Frankorekin, haurrentzat ipuin kontaketa Haur liburutegian arratsaldeko 18:00etan.

Ekitaldi hauez gain, bisita gidatuak ere egingo dira liburutegira eta apirilaren 28an, Bergarako ikastetxeetako 1. mailako ikasle guztiak bertatik igaroko dira ipuinak entzun eta gozatzeko.

Eraikina ere prest

Ekitaldi eta ekintzekin batera, Bergarako Udalak liburutegia prest eta txukun jarri nahi du. Honela, Liburuaren Egunarekin bat eginez, hainbat aldaketa egin ditu liburutegiko geletan. Erabiltzaileen erosotasuna eta erabilera errazteko asmoz, geletako berrantolaketa egin da. Bestalde, liburutegiari presentzia eman eta ikusarazteko helburuarekin, forjazko horma-irudia ezarriko da. Hau ere, apirilaren azken astean jarriko da.

Zozketak aurrera

Era berean, gogoratu behar da martxoan jarri genuela abian bi e-booken zozketa. Honela, martxoaren 27tik apirilaren 27ra bitartean liburutegian maileguan liburua hartu eta beren datuekin txartela betetzen duten herritarrak sartuko dira zozketan. Parte-hartzaile guztiekin, apirila amaieran zozkatuko dira bi e-readerrak. Gainera, Udalak 1000 liburu banatuko ditu Liburutegiko liburu bat maileguan hartzen dutenen artean.