Boni Laskurain eta Ernai kaleen arteko bidegorria udara amaierarako amaituta izatea aurreikusten da

Apirilaren 3an hasi ziren Boni Laskurain kale hasieratik Ernai kaleko bidegorri hasierara doan bidegorriaren eraikitze lanak. Proiektu teknikoa Zetabi Arkitektura Bulegoa SLP enpresari esleitu zitzaion 6.031,85 eurotan –BEZ barne- 2016 urtean. Proiektuaren exekuzioa, berriz, Sasoi eraikuntzak enpresari esleitu zaio, 180.000 eurotan eta lanak 6 hilabetetan egingo dira. Beraz, udara bukaerarako eginda egongo da bidegorri zati hau.

Bidegorri zati hau burututa, aurrerapauso garrantzitsua ematen da herriko bidegorri sarea osatzeko bidean. Izan ere, sarea osatzea garrantzitsua da Bergarako Udalarentzat, eguneroko mugikortasunari begira elementu funtsezkoak baitira. “Gure programan agertu genuen bidegorri sarea osatu nahi genuela. Zati hau gainera, oso garrantzitsua da, hezkuntza, osasun eta kirol instalakuntzak lotzen baititu. Erabilera handiko tramoa da, eta lanak amaituta, erabilera ordenatua eta zuzena izango du" , agertu du Elena Lete alkateak.

Honela, 600 metro inguruko bidegorria eraikiko da eta oinezkoen eta bizikleten zatiak hesi bidez bananduta egongo dira. "Alkabieta 7,9 eta 11 zatian izan ezik. Lur horietan adostasunik ez dugu lortu eta beraz, gaur egun bezala jarraituko du. Oinezkoek eta bizikletadunek elkarbizitza egin beharko dute zati horretan, beti ere, oinezkoek lehentasuna izanik", gaineratu du alkateak.

Azkenik, baina ez garrantziarik ez duelako, partaidetza nabarmendu behar dugu. “Bidegorriak osatzeko prozesuan zehar, herritarrek eta eragileek izandako partaidetza garrantzitsua izan da. Elkarlanaren bidetik, bergararren beharrak eta nahiak detektatu eta horiei irtenbidea ematea da gure lehentasuna eta lortzen ari gara”.

Beste zatiak

Boni Laskurain eta Ernai arteko bidegorria amaituta, Ugarte kaleko (Aintxintxurri gunea) bidegorri zatiaren lanekin hasiko da Udala eta 2018 urtera begira, aldiz, San Antoniokoaren lanak hastea aurreikusten da.