'Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude' kanpaina aurkeztu du eskualdean Atzegik Bergarako udaletxean, azaroaren 24an egindako ekitaldian. Atzegizaleei balioa ematea da sentsibilizazio kanpainaren helburua.
Gorka Artola alkateak egin die harrera Atzegiko kide, familia, boluntario, udaletako gizarte zerbitzuetako kideei. Maria Ubarretxena, Unai Elkoro, Beñardo Kortabarria eta Iraitz Lazkano, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Antzuola eta Elgetako alkateak ere bertan egon dira.

Bergarako alkateak esan du Bergarako Udalak bat egiten duela Atzegik egiten duen lanarekin, eta gero eta Gipuzkoako pertsona gehiago Atzegizale egin daitezen aldarrikatu du.

Hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko beharraz ere aritu da Artola, esan esan du: “Horretan ari gara gu geu ere. Adimen ezgaitasuna duten pertsonak udalaren egunerokoan integratuz eta udalaren jardunean Atzegin dituzuen printzipioak egunero kontuan edukiz. Eta zentzu horretan hainbat arlotan aniztasun mota guztiei erantzunak emateko saiakerak egiten ari gara. Bergarako udaletxera etortzen den inor ez da egongo gaur egun Markel ezagutzen ez duenik. Ez dugu ulertzen dagoeneko bera gabeko arreta zerbitzurik udaletxean. Bere irribarrea eta jarrera abegikorra dira gure udalaren aurkezpen txartela, eta zorrotz aritzen da ere arauak betetzen ez dituzten herritarrekin ere”.

2000. urtean Atzegik Atzegizale figura sortu zuen, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak identifikatzeko. Urte hauetan zehar Atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu. Horrela, 20 urte geroago, Atzegik pertsona horien jarrerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu eta ezagutarazi nahi du.
 
Atzegizaleak leku askotan eta adin tarte guztietan aurki ditzakegu; desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete. Keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan.
 
Agian zu ere Atzegizalea zara…
Atzegizale diren pertsona asko daude, baina oraindik ez dakite: zenbaitek uste dute boluntarioa izatea edo Atzegiko jardueretan parte hartzea dela, baina ez du zertan hala izan.
60. urteurrena zuen iaz Atzegik, baina ospatu ezin izan zuenez, aurten 60+1 ospatuko dute. Horregatik ere zoriondu zituen Bergarako alkateak.

 

Departamento: