Azaroaren 29an batu da Bergarako udalbatza ohiko osoko bilkuran. 

Gai zerrendako lehenengo puntuak aho batez onartu zituzten udalbatzako kideek. 16. kreditu aldaketa aldeko 9 botoekin (EH Bildu) eta 8 abstentzioekin onartu zen (EAJ-PNVren 7 eta PSE-EEren 1). 

Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Bergarako udalerrian arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua lortzeko eskaera eta dokumentazioa 2021eko irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarrita, udalak 2021eko azaroaren 19an emandako dekretuaren bitartez egindako alegazioen berri eman zen. 

Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik alegazioak egitera heltzeko egindako bidearen berri eman zuen. Urratsez urrats azaldu zuen prozesua, eta informazioa partekatzeko -udaleko talde politiko, auzo ordezkari edota herritarrekin- egin diren hartu-emanak. Uneoro izan dituzten premisak “gaiari jarraipen zorrotza egitea, zorroztasunez eta zuhurtziaz jokatzea, eta informazioa partekatzea” izan direla azaldu zuen. 

Bilkuraren amaieran, eta aurrez hala eskatuta, herritar batek ere hitza hartu zuen gai honi lotuta. EAJ-PNVri udalaren alegazioen inguruan eta proiektuaren beraren inguruan duen iritziaz galdetu zion. Proiektuarekin zalantzak izanda ere Eusko Jaurlaritzari dagokiola erantzutea esan zuen Irune Galarraga EAJ-PNVren bozeramaleak. 

EH Bilduk aurkeztutako “Interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzko mozioa” onartu zen. Hala dio:” Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago; hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak, etab. Gainera, ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute”. Horrek, udalen autonomia urratuko lukeela azaldu zuen alkateak, eta, udal udal ordezkari bezala hori aldarrikatzea dagokiela esan zuen. Halaber, HAPOa, Bergararen kasuan aho batez onartutakoa, baliorik gabe utziko luke. 

EH Bilduren aldeko botoekin (9) eta EAJ-PNVren (7) eta PSE-EEren (1) kontrakoekin onartu zen mozioa.

Aho batez onartu ziren aurkeztutako 4 adierazpen proposamenak: 

  • “Jaso nahiko genukeena eskaintzea”. Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan proposatzen da, “Etorkinek, asilo-eskatzaileek, Bidaiderik Gabeko Adingabe eta Gazte Atzerritarrek, iragaitzazko migratzaileek edo zaurgarritasun-egoeran daudenek eskubideak eta betebeharrak dituzte, eta eskubide eta betebehar horiek bermatu egin behar dira”, dio. Jasotzen dituen 10 konpromisoei EH Bilduk proposatutako beste hiru gehituta onartu zen. 

  • Haurren aurkako sexu abusua prebenitzeko mundu eguna dela-eta adierazpen instituzionala. Azaroaren 19an da egun hori. “Mundu egun horren helburua da agerian jartzea abusuen arazoa, baita sexu indarkeria prebenitzeko programen zabalkundean premiaz esku hartzeko beharra ere”. Administrazioek horretan duten ardura aldarrikatzen du. Gaia konplexua izanagatik ere, landu beharra aldarrikatu zuten bilkuran. 

  • Azaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko eguna dela-eta adierazpen instituzionala. “2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. 5 emakume 2021ean. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna. Eraildako emakume bakoitzaren atzean erasotzaile bat dagoela azpimarratu nahiko genuke”, du abiapuntu adierazpenak. Mota guztietako indarkeria matxistak salatzen ditu, eta mugimendu feministaren lana baloratzen du. 

  • Abenduaren 3an Euskararen eguna dela-eta adierazpen instituzionala. Euskara aro berrirako lanabes behar duela aldarrikatzen du. Euskaraz duen erronkaz hala dio: “Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko”.

 

Udalaren Youtube kanalean ikus daiteke bilkuraren grabazioa

 

 

Departamento: