Bergarako Udalak bat egin du aurten ere UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) bultzatutako Bertatik Bertara egitasmoarekin. 

Euskal Herriko hainbat herritan bideratuko den kanpaina honen bitartez ostalariak, tabernariak eta bezeroak euskara gehiago erabiltzera animatu nahi dira.

Horretarako, UEMAk mahai gaineko manteltxoak prestatu ditu eta bertan 6 hizkuntzatan agertzen dira ostalaritzan sarri erabiltzen diren hitz eta esamolde batzuk eta QR bidez hiztegitxo bat deskargatzeko aukera eskaintzen du. Bergarako Udalaren webgunean ere ikus daiteke. Eta oinarrizko hiztegia bisitarientzat

Horretaz aparte, informazio-orri bat ere banatuko da ekimen honetan parte hartzeko prest agertu diren Bergarako ostalarien artean, bezeroak ikusteko moduko tokiren baten jartzeko. 

Eta ostalariei bidali zaien gutunean zerbitzua eskaintzerakoan ahoz ere euskararen erabilera bultzatzeko gonbita egiten zaie eta, bide batez, euren lokaletako hizkuntza paisaian (karteletan, menuetan, oharretan, web orrietan…) euskara gehiago erabiltzeko laguntza ere eskaintzen zaie; horretarako UEMAra bertara (943816699) edo Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzura (943779166) jo dezakete eta.

 

Informazio gehiago: www.uema.eus

 

 

 

 

Departamento: