Bergarako udalbatzak urriaren 24an egin duen ohiko osoko bilkuran onartu ditu 2023. urterako Ordenantza Fiskalak. Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek azaldu duenez, “egoera aztertuta Udal Gobernuak Ordenantza Fiskalak gaur egungo egoerara eguneratzea lehenetsi du. Horretarako, kontutan izan ditugu: herritarren zein udalaren egoera ekonomikoa, batetik, eta kalitatezko zerbitzuak emateko helburua betetzea, bestetik”. 

Hori horrela, oro har %4an eguneratuko dira tasa eta zerga publikoak. “2022. urterako eta 2022-2023 ikasturterako igoera %3,3 izan zen, KPIa %6,5eko izan zenean, eta une honetan KPIa %9an dago”, azaldu du Aranzabalek.

EH Bilduk (9) alde bozkatu du, EAJ-PNVk kontra (7) eta PSE-EEko ordezkaria ez da bileran egon. 

Proposamen hori egiteko arrazoiak azaldu ditu bilkuran Aranzabalek, hala, esan du: “Gaur egun mundu mailan dagoen egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu. Bergararrei zerbitzu publiko onak emateko konpromisoa daukagu. Horretarako, baina, daukagun diru-poltsa mugatua da, eta diru-publikoaren kudeaketan ari garenon betebeharra da hori tentuz eta erantzukizunez zaintzea. Une honetan ezin dira hartu Udala etorkizunean hipotekatuko lituzketen erabakiak. Kontuan izan behar da, norberaren etxean bezala, udal zerbitzuak ematen dituzten eraikinetan ere, adibidez, fakturak izugarri hazi direla”. Elektrizitatearen eta gasaren fakturak boskoiztu egin direla esan du Ogasun zinegotziak, “nahiz eta kontsumoak murrizteko neurriak hartu

Halaber, azaldu du, Foru fondotik diru gehiago etorriko den arren 2022ko likidazioan, ez dela nahikoa izango egungo egoerari aurre egiteko. 

EAJ-PNVko zinegotzi Angel Murgiondok azaldu du haien kontrako bozka. Eta hiru arrazoi eman ditu. Batetik, aurtengo Foru funtsa aurreikusi baino 800.000 euro gehiagokoa izango dela; bestetik, 25 urtetan KPIaren gainetik onartu direla Ordenantza Fiskalak, eta hortaz, ez litzatekeela ekitaldia hipotekatuko; eta altxortegiari egin dio erreferentzia. 

Gobernuko bozeramale Nagore Iñurrategik erantzun dio koherentziaren printzipioa izan dela proposamena egiteko oinarria. Eta erantzukizunari egin dio erreferentzia, izan ere, “une honetan igoera ez egiteak ez du bakarrik oraingoan eragiten, gerora, orain eguneratzen ez dena, errekupera ezina izango da. Azaldu du, halaber, bi ekinaldi hauetan igoerarik egin ezean, “%15 galtzen egongo ginateke, eta jakina da hori jasan ezina da zerbitzu publiko duinak eskaini nahi baditugu”. Gerakinari dagokionez, azaldu du aurtengoa konprometituta dagoela, eta hurrengoa zelan geratuko den ezin dela jakin. Foru fondoari dagokionez, argitu du igoera ez dela nahikoa izango, izan ere, “igoera %7koa izango da, eta hortaz, une honetan KPIaren azpitik egongo litzateke”. Gaineratu du, “diru publikoaz ari gara, eta erantzukizunez jokatzea dagokigu”.

Eguneraketa egingo da, adibidez, Hirilurreko tipoetan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergan. Kontrara, aldaketarik ez da egingo Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan; eta ikasturteka funtzionatzen duten tasa eta zergetan.

Aldi berean hobarien arloa ere lantzen ari direla esan du Aranzabalek, esaterako, “IBIari lotuta diru-laguntza programa lantzen ari gara, errentaren araberakoa izango dena. Progresibitatean aurrera pauso bat izango dena”. Tarifa sozialaren kirol eta gazteria arloetako taulak bateratu egingo dira, familia gehiagorengana iristeko bidean.

Departamento: