Ubera Auzoko 7-1 exekuzio unitatean 18 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dauka Bergarako Udalak: 6 etxebizitza familiabakarreko, 6 etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko 6 etxebizitza. Horretarako, hori ahalbidetuko duen kontzertazio-hitzarmena sinatu du Udalak unitate honen jabe den San Paulo Taldea, SL enpresarekin.

Etxebizitzak eraikitzeko bi urbanizazio fase emango dira. Lehen fase batean 4 etxebizitzari dagokien urbanizazioa burutuko da (2 urteko exekuzio-epea finkatu da); ondoren, bigarren fasean, gainontzekoei dagokiena urbanizatuko da (5 urteko exekuzio-epearekin).

Orubeen eraikuntzari dagokionean, 6 urteko epea aurreikusten da lehen fasekoentzat eta 8 urtekoa bigarren fasekoentzat.

Lanak aurrera egiteko beharrezkoak diren deszabortze lanak hasiak dira dagoeneko.

7-2 unitatea, 7 sektore osoa urbanizatzea ahalbidetuko duena

Aipatutako 7-1 exekuzio unitateaz gain, 7. sektorean bigarren exekuzio unitate bat ere badago, 7-2 exekuzio unitatea hain zuzen, sendi baten jabegokoa dena. Uberarako aurreikusita dagoen Urbanizazio Proiektuak 7. sektore osoa urbanizatzea aurreikusten duenez, exekuzio-unitate honetan ere lanak egingo dira. Hauek, ordea, aurrez aipatutako bi faseen ondoren etorriko dira.

Hirugarren fase honetarako 8 urteko epea aurreikusi da eta bertako orubeak eraikitzeko 10 urteko epea finkatu da.

Aipatutako epe guztiak, betiere, Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartzen denetik hasiko dira kontatzen. Urbanizazio orokorreko lanen exekuzio materialerako guztira 415.991,58 euroko kostua dago aurreikusita (kostu hau 7. sektore osokoa da, 7.1 eta 7.2 eremuak gehituta).

Departamento: