Aurtengoan ere ekitaldiz beterik dator Erramu Zapatuko feriako egitaraua. Ferian hegazti eta abelburuen erakusketa, Euskal Labeleko produktuak, makinaria eta artisauak egongo dira eta egunean zehar musika emanaldiak izango herriko gune ezberdinetan. Gaztetxoenentzat ere Txorimalo lehiaketa eta arratsaldean zezentxoak egongo dira Seminarioko patioan.

Egitaraua ikusteko, egin klik hemen.

Ostiralean bertso saioa

Giroa berotzen hasteko ostiral iluntzean bertso saioa izango da udal pilotalekuan gaueko 22:30etan. Gai jartzaile lanetan Iker Iriarte arituko da eta bertan izango diren bertsolariak Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra dira.

Sarrerak kultur etxean edo www.bergara.eus helbidean daude salgai eta bertso saio egunean lehiatilan 21:30ean hasita. Sarrerak erosi nahi izanez gero, egin klik hemen.

Aldaketak trafikoan

Aparkalekuei dagokienez, Ibargarai kalea 4 zenbakitik aurrera kotxez libre egon beharko dira larunbatean goizeko 06.00etarako, bertan ganadua jarriko baita eta postuak jarri ahal izateko Fraiskozuri kaleko alde biak libre egon beharko dira martxoaren 26an, ostegunean,  goizeko 08.00etarako.

Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, ostiral arratsaldean eta larunbatean Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastolako jolas tokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabiltzeko.

Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira zapatu goizean zehar eta, ondorioz, trafiko guztia bariantetik desbideratuko da.

Horregatik guztiagatik, garajea dutenei egun horretan kotxea barrura sartzea gomendatzen zaie eta herritar guztiei ahal den neurrian erdialdera etortzeko kotxea ez erabiltzea, bertako trafikoa oso nekeza izango baita.

 

 

 

Departamento: