Abenduaren 3 Euskararen Nazioarteko Eguna da eta Bergarako Udaletik, egun bereziaren harira hainbat ekitaldi antolatu dira. Batetik, Laboratorium museoan Ikilimilikiliklik erakusketa izango da eta bestetik, hilabeteko jarduera programa berezia prestatu da Jardun elkartearekin batera. Ikilimilikiliklik erakusketa bihar, ostirala inauguratuko da eta urtarrilaren 8ra bitartean ikus ahalko da. "Pedro Migel Etxenikek esaten zuen zientzia eta kultura kate beraren kate-mailak direla. Laboratorium museoa, lehenik eta behin, zientzia-museo bat da baina hori baino gehiago izan nahi du: "gizarte-museoa" izan nahi du eta bere helburuetan jasota dago, besteak beste, gure herriko ondare kulturala ezagutzera ematea. Euskararen Egunaren bezperan “Ikimilikiliklik, Joxean Artzeren unibertsoa” izeneko ikusentzunezko hau Bergarara ekarrita, guk ere nolabait omendu nahi izan dugu azken 50 urteotan euskal kulturaren erreferente nagusietako bat izan den belaunaldi bat: Ez dok amairu mugimenduaren inguruan bildu ziren emakume eta gizonezkoak; musikariak, poetak, denetariko artistak... Bere garaian, Ez dok amairu mugimendu abangoardista eta berritzailea izan zen eta alde horretatik ere bete-betean egiten du bat museoaren beste helburu batekin: berrikuntza sustatzearekin", agertu du Maite Agirre Ondare, Kultura eta Jaietako batzordeburuak.

Erakusketak Josean Artzeren unibertsoa erakutsiko du, izan ere, Alberto Lizarralde erakusketaren zuzendarietako baten hitzetan, "disziplina anitzeko artista da eta izan duen ibilibidea erakustea nahi dugu. Horretarako, ez-ohiko erakusketa bat prestatu da, ikus-entzunezkoa, non ikusleak erakusketan murgildu ahal izango duen". Modu honetan, Laboratoriumen, urtarrilak 8 arte, izango den ikusentzunezkoak eta bertan antolatutako hitzaldiek Joxean Artzeren eta Ez dok amairuko artisten mundua ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute eta "jende guztia gonbidatzen dugu bertara etortzera eta tarte goxo bat pasatzera", esan du Agirrek.

Egun garrantzitsua da euskararena, baina euskara ez da urteko egun batera mugatzen. Horregatik, hilabete guztian zehar izango diren ekintzak ere izango ditugu. Euskararen egunak egunero izan behar duelako. Jardun euskara elkartearekin batera antolatuta, hamaika ekintza izango dira hurrengo hilabetean zehar:

JARDUERA PROGRAMA BATERATUA

Abenduak 1, 19:00etan, Irizar jauregiko Euskaldun Berria aretoan, Pintxo baten bueltan, gure sorkuntza aztertzen, tailer-tertulia.

Abenduak 2, 19:00etan, Laboratorium museoan: “Ikilimikiliklik, Joxean Artzeren unibertsoa” erakusketa irekitzea.

Abenduak 3,

-          17:00etan, Azokan: Hizkuntza-jolasak 3-7 eta 8-12 urte bitarteko umeentzat.

-          20:00etan, Zabalotegi aretoan “Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz?”. Oihan Vega.

-          21:00etan, Osintxun, bertso-afaria: Jon Maia eta Onintza Enbeita.

Abenduak 4, Zabalotegi aretoan

-          17:00etan,  “Olentzero eta Amilaren sekretua” filma.

-          20:00etan, “Kalebegiak” filma.

Abenduak 14, 19:00etan, Laboratorium museoan, hitzaldia, Ana Gandara: Ez dok Amairu komunitatea helburu.

Abenduak 15, 19:00etan, Irizar Jauregiko Euskaldun Berria aretoan, Ilunabar literarioa,. Partaideak: Bergarako Idazle Eskolako ikasle eta ikasle-ohiak.

Abenduak 21, 19:00etan, Laboratorium museoan, hitzaldia, Imanol Artola: Benito Lertxundi eta Ez dok Amairu.

Urtarrilak 4, 18:30etan, Laboratorium museoan, Alberto Lizarraldek –erakusketak dituen bi zuzendarietako batek- erakusketa egitearen prozesuari buruzko hitzaldia emango du, gazteleraz.

 

 

Pintxo baten bueltan ekimenarekin hasiko dira ekitaldiak, gaur, osteguna, eta Euskara teknikari den Estepan Plazolak agertu duenez, sorkuntza izango da oinarri; "Aurtengo Euskararen Egunaren bueltan antolatu ditugun ekitaldien gai nagusia euskarazko kultur sorkuntza da. Erakusketan gure sortzaile mugimendu eta idazle garrantzitsuenetako bat aurkeztuko dugu, Ez dok Amairu eta Joxean Artze. Pintxo tertulian, berriz, bergararron sorkuntza aztertuko dugu. Hasteko, herrian sortzen denaren aurkezpen labur bat egingo dugu eta Euskara elkarteen Topaguneak  lantzen diharduen egitasmo bat aurkeztuko dugu: Sormen eskolak. Gero, taldeka banatuta, eta tertulia lasaian, gure sormenari begiratu bat emango diogu: zeintzuk diren gure indarguneak eta ze aukera edo ideia berri sortzen zaigun… Amaitzeko, taldeetan jasotako ekarpen nagusiak aurkeztuko ditugu eta ipuin-kontaketatxo batekin amaituko dugu".

Euskarak egunez egun sendotzen joan dadin, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak.

Departamento: