Aurreko webgunea zaharkituta gelditu zen eta ez zen bateragarria egungo teknologia berriekin. Horregatik, Netkam enpresaren eskutik, gunea berritu da, erabiltzaileentzat erakargarriagoa egin eta herritarrei zerbitzu hobea eman asmoz. Honela, itxura aldatu zaio eta gailu elektroniko guztietara egokituta dago orain. Izan ere, orain arte ordenagailura bakarrik egokitutako webgunea genuen, baina gaur Interneteko konexio gehienak sakelekoetatik eta tabletetatik egiten dira.

"Baina berritzetik haratago joan nahi izan dugu. Legegintzaldi hasieratik esan dugu Bergararentzat eta bergararrentzat lan egin nahi dugula, eta webgune berria zentzu horretan ere aldatu egin dugu. Gaur egun, teknologia berriek duten garrantzia handia da eta Udalak, tresna horietara egokitu beharra du. Honela, Udalaren informazio guztia herritarren eskura jartzen da. Gardentasun atal berria landu da barne funtzionamendua eta horren atzean dagoen informazio guztia herritarrei helarazteko. Bergararrek Udalean egiten den guztia jakiteko eskubidea dute, eta bide horretan pauso garrantzitsu bat da informazio guzti hori eskuragarri jartzea", agertu du Elena Lete alkateak.

Gardentasunerakin jarraituz, Bergarako alkatearen agenda bistaratu dugu, astean zehar ditudan hitzorduak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Baina ikusteaz gain, pauso bat gehiago eman dugu eta hitzordua eskatzeko aukera ere izango da. Udala eta herritarren arteko distantzia handia izaten da normalean, eta guk distantzia hori klik batean jarri nahi izan dugu. Hori baino distantzia motzagorik ez dagoela iruditzen zaigu. "Era berean, Udal Gobernuaren beste ardatz bat parte-hartzea da, eta herritarrekin batera, elkarlanean, burututako proiektuen atal berezitua ere ezarri dugu", gaineratu du.

Herritarrentzat erabilterrazago izateko helburuarekin, informazioa berrantolatu da eta atal berriak sortu dira. Eta orain, Berdintasun eta Garapen sozioekonomikoak arloek euren atala izango dute. Bi gai hauek berebiziko garrantzia dute guretzat eta atal propioa izatea beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun. Gainera, gaur egungo krisi egoera dela, eta lana bilatzeak dituen zailtasunez jabeturik, Debagoiena eskualdean diren lan-eskaintza guztiak batu ditugu eta web-orriko atarian jarri dira. Modu honetan, gure herritarrei erraztasunak eta bideak eman nahi dizkiegu lana bilatzeko orduan.

"Elenak esan bezala, webgune dinamikoa eta erraza da, eta online bidezko harremanak sendotu eta garai berrietara egokitu asmoz berritu dugu webgunea. Herritarrentzat eta guretzat garrantzia duten atalak sortuz eta eskura jarriz. Lehen pausoa eman dugu, webgunea berritzea, baina oraindik badago zereginik, eta hurrengo asteetan zehaztasun gehiago jarriko dira bertan. Hau da, berrikuntzak eginak daude, orain tresna berria indartsu eta bizi mantentzea dugu helburu, komunikazioa ezinbestekoa delako Udalaren eta herritarren artean. Honela, hurrengo pausoak ere zehaztuta ditugu. Adibide bezala, Kultura sailean herriko talde eta eragileekin ari garen elkarlana sendotu eta zabaldu asmoz, Bergarako talde guztien zerrenda eta informazioa zintzilikatuko dugu", agertu du Maite Agirre zinegotziak.

Bestetik, beste Udal webgune guztiak ere berritzeari ekin diogu. Agorrosin, turismoa, artxiboa... Atal edo arlo askok euren webgunea dute eta Udal webgunean denak bateratzeaz gain, arlo bakoitzeko webguneak berritzen hasi gara, itxura uniforme eta bateratua izateko helburuarekin.

"Egindako aldaketa eta berrikuntza guztiak bergararren gustukoak izango direlakoan gaude. Helburu horrekin egin baitugu. Horregatik, webgune berria probatzera animatu nahi ditugu!", amaitu du Agirrek.